Duela 3 urte hasi zen kanpaina bat AEBetan eta Kanadan, eta orain Europara iritsi da, leloak dio: "eman bat, hartu bat". Beraz, 312 euroan erosten dituzu bi ordenadore eramangarri, bat zuretzat eta bestea herrialde txiroetako haur bati bidaliko diote. Proiektu honek bi helburu ditu: merkea eta hezkuntzarako erabilgarria izatea, herri txiro eta garatze bidean dauden haurrei begira dagoelako egina XO ordenadorea. Horrelako berriek harritzen naute eta hausnarketarako bidea ematen didate.Haur txiro eta garatze bidean daudenentzat dela diote. Egia ote da ala batzuen poltsikoak loditzeko izango da? Noski, sekula santan erantzunik jasoko ez duen galdera da. 1. munduko herrialdeek txiroei irakasten diegun garapena beti gure onerako izaten da, gure mundu globalizatu eta kontsumista honetan sartzeko egiten dugu. Eta mundu hau eredugarria ote da? (Ikusi besterik ez dugu egin behar "sartu" diguten krisia) Guk erakutsiko diegu haur horiei zeinen ongi bizi garen? Zer auto eta etxe ederrak ditugun? Zer nolako jaki ikusgarri eta gozoak jaten ditugun? Zenbat jostailu polit ditugun?... Eta nola entretenitzen garen pantaila baten aurrean, gure inguruan daudenekin jolastu gabe? Hezkuntza proiektua dela diote. Ikastetxeetan urtero biltzen da eskolako materiala herri txiroetara igortzeko: arkatzak, margoak, koadernoak... Horrelako kanpaina bat egiten denean herri horretako haurrek arkatzik ere ez dutelako egiten da. Beraz, arkatzik ez izatetik ordenadorea izatera pasatuko dira. Nahi baino gehiago kostatuko zait ulertzea nondik lortuko duten energia, herri batzuetan energia emateko generadore bakarra dutenean herri osorako. Eta Interneten konektatzeko wifi eremu hori nola lortu? Erdi Arotik XXI. mendera pasako dutela iruditzen zait, mendeak zeharkatzeko prozesurik gabe. Eta tartean galera batzuk izango dira: esaterako, ohiturak, beren kultura ordezkatu eta, agian, beren hizkuntza ere gaitzetsi. Hezkuntza proiektu horretan herri txiroetako kultura ere bermatuko da?Uste dut lehenengo mundukoei zaila egiten zaigula herri bakoitzak bere bizitzarekin zer egin nahi duen jakiteko askatasuna duela onartzea.akinlo@euskalerria.org