Atxiloketak, torturak eta kartzeletako errepresioa biziko dugu jaiotan. Harro agertu zaigu ministroa ehunka atxilotu egin dituelako aurten: biziki kezkatzen gaitu jarrera horrek, errepresioa beste irtenbiderik ez digute eskaintzen, eta denok dakigu horrek alde bietako sufrimendua luzatu besterik ez duela egingo. Torturen errealitateak astindu gaitu atxiloketa bakoitzean. Jada inork ezin du ez zekiela aitzakitzat jarri, bistakoegiak, ozenegiak direlako torturok. Baina politikoek, eta medio gehienek ere, beste aldera begiratzen dute, mutu eta gor. Torturaren aurkako protokoloa edo arauak onartu eta aldarrikatu zituzten hil honetan, Giza Eskubideen Egunean, baina handik bost egunera atxilotuei arauok aplikatzea ukatu zieten. Epaile batek tratu txarrak baieztatzen zituen forensearen txostena ez du hartu ere nahi izan. Borondaterik ezaren ezaugarri.Manifestazioa deitu dugu Etxeratek Urtarrilaren 3rako Bilbon. Jendetsua izatea nahi dugu, presoekiko jokabide ankerrari erantzuna. Gaixotasun larriak dituzten preso politikoak berehala askatzea, biziarteko zigorra bertan behera uztea, kondena beteta dutenak kaleratzea, euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, hori da aldarrikatu nahi duguna manifestazioarekin. Ezin dugu huts egin. Autobusak egonen dira.Badugu baina, pozteko arrazoirik ere: bisita bakoitzean, telefono dei bakoitzean, gutun bakoitzean, bizi duten egoerari aurre egiteko gure senide eta lagun presoek erakusten diguten prestutasuna eta jarrera tinkoaren testigantza jasotzen dugu, beraiekin darabilten zitalkeriak min egin arren ez ditu hondatu, etxean ikusiko ditugularen esperantza pizten zaigu, beraien eskubideak defendatzen jarraitzeko erabakiak sendotzen gaitu. Jaiotan biziki gogoan izanen ditugu, ez diegu huts egingo. Urtarrilaren 3an hitzordua dugu Bilbon.