Aurtengo Gabon saria ez da batere mardul etorri Nafarroako euskarazko hedabideentzat, baina 2009koa hortzetako haria baino meheagoa (6.000 euro pasatxo) izanen da, %95 inguruko beherapena ezarrita, urtarrileko merkealdirik guinnestsuena, alajaina.Ez alferrik tira batzuk atzerago Morkotsek oso grafikoki gaztigaturik geunden ikusirik borrero batek nola "prentsatzen" eta xehatzen zuen euskal prentsa.Desir hura konplitu dute PSNko parlamentariek eta haien adiskide gobernuan dauden UPNkoek eta CDNkoek. Honen guztiaren osagarri, esaldi xelebrea bota zuen Xabier Azantzak : Nafar Gobernuak Euskararekin kunplitzen du (sic). Umore forala ere bere bidea osatzen ari da inondik ere, beti bezala ezjakintsu, garratzegi, baldar eta grazia gutxiko, Sanzen ateraldiak bezalakoxea.Txomin Artolak aitaren bertso eder batzuk kantagai harturik abesti hunkigarri bat egin zuen, Txuriko. Bertan txakur arrain harrapazale baten zoritxarreko istorioa kontatzen du Artolak eta txakurraren partea zer zen azaltzen du, hots, txalupa ondoko uretan ontziratu gabe edo gelditzen ziren arrainak txakurrak harrapatzen zituenekoa. Harrapakin hartaz, txakurraren parteaz, alegia, txalupa betetzen zen eta ondorioz oso ongi hartzen zuten jardun hura arrantzaleek.Sobra ere Euskarazko prentsa nafar instituzio gorenentzat ez da oso parte oneko ontzia eta txakurraren partearen beharrean zorri malapartatuarena ematen dio, haur bihurriei bezala, eskua zabalduz eta itxiz, mehatxuzko keinu batez.