2008. urtean zehar, Nazioarteko Komunitateak FAOk eginiko eskaria onartzen ez zuen bitartean -50 mila milioi eskatu ziren munduko gosea bukatzeko-, gobernu gehienek egundaino ezagutu den krisi espekulatiboan sarrarazi gaituzten finantza erakundeak erreskatatu dituzte.Gaur egun, honako kontraesan honetan bizi gara: ez gaude ados finantza sistema honetan baina, halere, gure aurrezkiak bertan ditugu. Nolanahi ere, egoera honen inguruan alternatibak zabaltzen ari direla ikus dezakegu.Banka etikoak ahalbidetzen eta bermatzen du gure aurrezkien bidez gizarte eragin positiboa duten jarduerak finantzatzea. Era horretan, kredituak ematen ahal zaizkie gizarte proiektuei, bide batez finantzatuz banku sistemak bazterrean utzitako kolektiboak.Banka etikoa, halaber, herritarrena da, gizarte ehunduratik sortzen baita gizarte zibila protagonista bihurtzeko irabazi asmorik gabeko tresna batean. Azken batean, komunitateak berak lehentasunezkotzat jotzen dituen gizarte beharrei erantzutekoa da tresna hori. Banka etikoak bermatzen du gure dirua inbertitzea gure bizitzaren gainerako alorretan ditugun elkartasunezko balio horiexekin bat. Banka etikoan gure aurrezkiak bermatuta daude ez direlako merkatu espekulatiboetan inbertitzen, bere kreditu eragiketak gardenak direlako eta proiektuak ebaluazio tekniko eta etiko-sozial baten ondoren onartzen direlako.Abenduan FIARE Banka Etikoak hiru urte bete zituen Nafarroan Italiako Banka Etikoaren agente gisa, eta gaur egun 2,2 milioi euro gordailutan eta 750.000 euro kredituetan sartu dira bertan, gauza daitekeen alternatiba erreala dela erakutsiz.Nafarroan FIARE Banka Etiko sendoa sortzeko, Nafarroako GGKEen Koordinadorak, Pobreziaren aurkako Nafarroako Sareak eta Ekonomia Alternatiboaren eta Elkartasunezkoaren Sareak (REAS), beren baitan 110 erakunde biltzen dituztenek, Nafarroako Fiare Elkartea eratu dugu, honako helburu hauekin: herritarren banka etikoa bultzatzea eta gizarteak kapitalean parte hartutako kreditu kooperatiba sortzea. FIARE proiektua herritar guztiei irekia da, eta hemen lor daiteke informazio gehiago: www.proyectofiare.org webgunean edo Iruñeko FIAREren bulegoan (Telleria kalea, 28 behea -IPESen egoitza-) astearteetan 17:00etatik 19:00etara.