PALESTINA: ELKARTASUNA KONPROMISOEKIN ERAKUSTEN DA ISRAELI BOIKOTA

Jesus Mari Mendinueta 2009ko urt. 23a, 00:00

Euskal Herritik estutasunez eta amorruz ari gara bizitzen Isralego estatutak Palestinako herriaren aurka Gazan egiten ari den sarraskia. Sentimendu horiek, gainera, sakondu egiten dira egoera horren aurrean mendebaldeko hainbat gobernu eta nazioarteko erakundek erakusten ari diren hipokrisiarekin. Estatu Batuak, Europako Batasunak eta NBEk, beste batzuen artean, benetan nolakoak diren erakusten ari dira, izan ere beste aldera begiratu eta sarraskia justifikatzen dute edo edukirik gabeko deklarazioak egiten dituzte Israel boteretsua ez oztopatzeko. Jarrera honek Israelgo estatuaren konplize bihurtzen ditu.Haien burua mundu mailako epaile izendatu dutenek gerrak eta milaka hildako eragin eta justifikatzen dituzte, beraiek inposatzen dituzten joko arauen desobedientzien arabera. Joko arau horiek, noski, beraien interes ekonomiko eta estrategikoen arabera eraikitzen dituzte eta horien arabera, balizko epaile horiek erabakitzen dute nork egin dezaken sarraskia eta nork sufritu behar duen sarraskia. Eta, argi dago, Israelek hiltzeko lizentzia duela eta Palestinako herriari, berriz, hiltzea edo erbesteratzea baino ez zaio uzten. Bi aukera horiek dira, hain justu ere, Israelgo estatuak Palestinari eman dizkionak azken hamarkada luzeetan. Eta horretarako Israelek mendebaldeko Gobernuen lankidetza eta konplizitatea izan du. Palestinarrei lurrak kentzen zaizkie, ezinbesteko baliabideak, ura, soroetarako lurrak, elikagaiak eta abar lapurtzen zaizkie, etxeak botatzen dizkiete kolonoei emateko, itzeleko harresia eraikitzen diete oraindik eta lur gehiago lapurtzeko eta beraien bizi baldintzak oraindik eta gehiago okertzeko, isolatzeko, lanera joatea ezinezko bihurtzeko, lehengaiak jasotzeko oztopoak izateko, osasun eskubiderik ez izateko...Azken finean, biziraupena ezinezko bihurtzen dute, herritarrak beraien herria utzi eta Palestina osoa bereganatzeko helburuarekin. Izan ere, hori baita Israelen helburua eta horregatik 6 hamarkada luzeetan Israelek agresio eta eraso etengabea eragin du Palestinan. Erresistentziarako hautua egiten badute, edo beraien herrian gelditzeko hautua egiten badute, suntsitu egiten dituzte.Genozidioaren estrategia honen barruan, azken urteetako gertakari larrienak eta krudelenak Gazako azken hilabete honetako bonbardaketak dira. Eraso hau herritar guztientzako zigorra da, eta, eraso honen bidez, bertan demokratikoki egindako hauteskundeetan Hamasek lortu duen garaipena zigortu nahi da.Hala ere, Palestinako herriak bizirik jarraitzen du eta Euskal Herritik gure elkartasuna erakutsi nahi diegu.Arbizuko herria anaitu egin zen Palestinako Mazda herriarekin 2001ean. Euskal Herria eta Palestinaren arteko elkartasuna elkar ezagutzatik eta konpromisoetatik eraiki behar dela uste dugu. Bai Palestinak baita Euskal Herriak ere bere eskubideak ukatuak dituzte, bi herriei  etorkizuna ukatu nahi zaie eta horregatik bien arteko elkartasuna ezinbestekoa da. Baina elkartasuna ez da hitzekin bakarrik erakusten. Israeletik liberatzeko prozesuan Palestina lagundu behar dugu.Presio moduan, Palestinako 200 erakunde zibiletatik ISRAELI BOIKOTA bultzatzen ari dira. Ekimen hau Euskal Herria osora zabaltzeko konpromisoa  hartzen dugu eta ekimen horretan parte hartzeko deialdia luzatzen dugu. Israelgo estatu genozidari boikota, Israelgo jatorria duten edota Israelen ekoiztu diren produktuei boikota, Israelen interesak dituzten produktuei boikota eta estatu hori ordezkatuz gurera datozen talde edo entitateei ongi etorriak ez direla komunikatu behar zaie.Elkartasun kontzeptua edukiekin eta ekintzekin bete behar dugu; oso erraza da deklarazioak egitea, ongi gelditu eta gure jarrera txuritzea, ezer egin gabe. Pausu bat gehiago emateak konpromisoak hartzea suposatzen du.Mendebaldeko gobernuak estatu zapaltzailearen konplizeak dira, eta ez dute ezer egingo. Horregatik Palestinatik deialdia luzatu digute Euskal Herritik erantzuteko eta egingo dugu.Israeli boikota egitea tresna hoberena da genozidioa gelditu eta Israel negoziazio bidea  hartzen presionatzeko. Munduko gatazka guztiak bezala, Palestina eta Israelen gatazkaren konponbidea ere hiru oinarri ditu: elkarrizketa, negoziazioa eta herrien eta herrien eskubideen aitortza.