Egun hauetan Audientzia Nazionalean egiten ari diren epaiketa dela eta, hainbat gauza aipatu nahi nuke.Lehenik eta behin Mikeldi, Anitz eta beste hamar lagunei eta baita haien familiei eta lagunei elkartasuna adierazi nahiko nieke. Pasatzen ari direna ez da tragu erraza izango, asko baita jokoan dutena. Sarekada prebentiboetan edo beste era ero horretako sumarioetan, nola edo hala nahastutakoren bat gertutik edo zeharka ezagutzea ez da zaila izango edozeinentzat. Gure artean adibide asko daude epaitzeke. Sarekada prebentiboen barruan: Makana, Kabo..., Udalbiltzaren sumarioaren barruan Joseba Garmendia... Sumarioen eta izenen zerrenda amaigabea da.Nire kasuan hilabete batzuk dira epaileek, frogarik ez eta, nire aurkakoa artxibatu zutela. Atxilotzeko frogak bazeuden ala? Ez. Froga beharrik gabe autoinkulpatuz gero errazagoa da. Baina mesedez, sarekaden izena "atxiloketa prebentiboak" izanda, zer espero dezakegu? "Ez dakigu deliturik dagoen baina, badaezpada, zatoz gurekin... Inkomunikatuta zaudela, (dozenaka ostia eta mehatxu = tortura jaso ondoren) lortutako deklarazioaz baliatuta , zertarako ezer frogatu?"Azken urteotan nola edo hala Euskal Herria, beraien gidoitik kanpo herri bezala egituratzeko edozein arlotan ekiten zuenaren kontra jo dute, politikoan; HB, EH, Batasuna... komunikazioan; Egin, Egunkaria, Ardi Beltza.... Herrigintzan; Udalbiltza, Joxemi Zumalabe, Jarrai, Haika, Segi...; presoen alde, Gestorak, Askatasuna...zerrenda hemen ere amaigabea da. Beraien gustukoa ez dena lantzen duena, ETA da edo haren usaina du eta erditik kendu behar da, legez kanporatuz, atxilotuz, epaituz, kartzelaratuz...; pertsonak izorratuz, familiak deseginez; egindako lan guztia txikituz; ingurukoak eta ondorengoak beldurtu eta uxatuz. Eta hau dena, beste batzuk, euren buruari "euskaldun on" deritzoten horiek, demokrazia eta giza eskubide moduko hitzez ahoa betetzen zaizkienek, beste alde batera begiratzen duten bitartean. Jai dute guztiek! Herri honek mendeak daramatza horrelakoak jasaten eta ez dira hauek izango, menderatzea lortuko gaituztenak. Gu ez bagara, atzetik etorriko diren beste asko izango dira gure helburuak lortuko dituztenak.Bukatzeko, niri eta nire familia eta lagunei momentu latzenetan elkartasuna adierazi eta laguntza eskaini diguzuen guztioi eskerrak eman nahi nizkizueke. Horrelakoetan ikusten da nor den nor eta bakoitza bere tokian kokatzen da, sorpresak jasoz, onerako nahiz txarrerako. Bermea eta gastuak kudeatzeko zuen laguntza eskaini duzuenei ere eskerrik asko, bereziki hainbat txotx, bazkari, taberna, kamiseta salmenta...edo halakoen antolaketan lan egin duzuenei. Eta, esker xume hau, zuen merituen parean, abokatu, TAT eta euskal presoen aldeko erakundeei. Zuek gabe jai dugu.