DESJABETZEAK URDIAINEN

Enara Insausti Otxoa-errarte 2009ko urt. 30a, 00:00

Egun batzuk atzera, Urdiaingo etxe anitzetara hainbat gutun iritsi ziren herritar batzuk desjabetuak izango zirela esanez. Desjabetze horren zergatia Nafar Gobernuak aurrera daraman poligono(urbanizazio) bat egiteko asmoan datza. Hiru fasetan burutuko da urbanizazioa eta NASUINSA enpresa "publikoak" kudeatuko du proiektua, Urdiaingo Udalaren oniritziarekin.Herria erabat aztoratua gelditu zen metro karratuko prezioa 2,76 eurokoa zela ikusita. Bestalde, gaur egun pairatzen ari garen egoera sozio-ekonomikoa kontutan hartuta, nekazal lur oparo hauen galera ez al da benetan kaltegarria izango? Halako iskanbilaren aurrean, desjabetuen artean bilera baten beharra ikusi zen arazo honi aurre egiteko. Bileran, nahiz eta desjabetuek eraikuntza honen behar eza aditzera eman, Udalak urbanizazioaren eraikuntza soila defendatu zuen, Nasuinsak prezioa kaltetuen alde zertxobait hobetu zezakeela adieraziz. Zain gaude oraindik proiektu honen onurak eta zergatiak entzuteko. Bileraren helburua desjabetuei dituzten aukera ezberdinak jakinaraztea izan zen. Hauxe dira konkretuki aipatu aukerak:1-     Salmentari uko egitea eta honekin batera prezioaren desadostasuna alegatu eta bide judiziala ireki.2-     Prezioaren hobekuntza alegatu eta bide judiziala ireki.3-     Desjabetzea baimendu eta NASUINSAK eskaintzen duen prezio hobekuntza minimoa onartu.Egoera honetara eraman gaituena NaBairen Udala izan da, herritar eta lurjabeak kontutan izan gabe eta desjabetze gutuna etxean izan arte isilpean jokatuz. Aurrerago proiektua onestean 2 hilabete izan zituen herriak alegazioak egin eta proiektua atzera botatzeko baina orain arte ezer gutxi jakin dugu honi buruz eta ez da pausu hori eman. Desjabetuon artean iritzi zabala da dioena: herriaren neurriko poligono bat behar dugula, badagoela industrial izendatutako lurra herrian eta hura egokitzen hasi beharko ginatekeela. Ez Iruñetik zuzenduko den MAKROPOLIGONO bat, hau aurrera doa eta ondoren ez dugu aukerarik izanen zein enpresa sartuko diren erabakitzeko, Iruñekoei ez zaie axolako erraustegi bat edo usai eta kutsadura bota dezakeen beste enpresa bati zorua (orduan bai garesti) saltzea, baina Urdiaingo eta inguruko herritarrei?