TXINA, INDIA ETA ORAIN URDIAIN SUPERPOTENTZIA EKONOMIKO BERRI BAT

Beatriz de la Vega eta Ion Zufiaurre 2009ko urt. 30a, 00:00

Munduko ekonomia behea jotzen, burtsa zerraldo erortzen, lan kaleratze jendetsuak goraka, petrolioa bukatzen eta Poloak urtzen ari diren bitartean, Urdiainen aberastu egingo gara.Izugarrizko plana daukagu, industrialde erraldoi bat eraikiko da ehunka enpresa etor daitezen (oraindik ere ez dakigu zein, baina tira) beren irabaziak gurekin eskuzabaltasunez partekatzera.Istorio hau komedia ona izango litzateke kontuaren beraren larritasunarengatik ez balitz; izan ere, lur emankorrenaren milaka metro karraturen hondamena atzeraezina da.Nor biziko litzateke, aukerarik balu, industrialde batean? Horrelako gune baten hiri-inguru bihurtu nahi dugu, horrek dakartzan  zarata, ke eta usainekin?Eta krisia ez bada bi urteren buruan amaitzen, zenbait adituk adierazten duten moduan? Inortxok ere ez du bere burua aitzur eta espartinekin patatak eta garia ereiten ikusi nahi. Gertatu, ordea, gerta daiteke, ekonomiaren atzerapauso basati batek geure lurrera itzul gaitzake.Garapenak gu, geu garena errespetatu behar du. Poligonoaren tamaina eta kokapenak herriarekiko proportzionala eta bere beharretara egokitua izan behar du; gainerakoa zientzia fikzioa da, sekulako arduragabekeria guztion partetik.Gure baliabide naturalak herentzia baliotsuegiak dira lau durotan saltzeko. Eta legeak babesten bagaitu ere, ez dugu inolako eskubiderik 620.000m2 lur ameskeria baten truke suntsitzeko.