EZ AL DA "URGENTZIAZKOA"?

Luziano Agirre Goikoetxea 2009ko urt. 30a, 00:00

Urdiain-Altsasu poligonoaren egitasmoa izan daiteke Urdiaingo udalerriaren gainean inoiz hartu den hirigintza arloko erabakirik baldintzatzaileena eta horregatik ezker abertzaleko hautetsiok zera adierazi eta salatu nahi dugu.2009. urte honetan nabarmen agertu zaigu ekonomia molde baten joerak zein diren. Eta industriaren egoerari dagokionez, joerak eta premiak beste batzuk direla nabarmendu da. Egoera honek gogoeta eta azterketa pausatua egiteko beta hartzea eskatzen eta eskaintzen digu.Eta, hala ere, une honetan Urdiainen desjabetze prozesu izugarria martxan jarri da: 124 lurjaberen 647.139 metro koadro expropiatu eta lur horien jabetza aldatuko da.Hori da, funtsean, oraingoz eman ahal izango den pauso bakarra, ondorengo urratsa urbanizatzea da, neurriz kanpo lurra alferrik galdu, balizko industria erakartzeko. Eta, industria erakarri eta lekutzeko beste eredu batzuk erabili behar ditugu.Gainera, lehen aipatu dugun gaur egungo testuinguruak aditzera ematen digu zentzu handirik gabe geratu dela bultzatu nahi den proiektuaren premia eta urgentziazko desjabetzearena.Hasiera-hasieratik eredu horretako industrialdea inposatu nahi izan bada ere, bestelakoa da guk defendatzen dugun eredua:1. Lurrari behar duen begirunea eta errespetua aitortzen diona, inposatu nahi diguten ereduak inolako azterketa eta aurreikuspenik gabe desegin egiten duena.2. Muzin egin zaio beste aukera eta alternatiba batzuk eztabaidatzeari.3. Gu udal autonomia eta eskualdeko administrazioen erabaki ahalmena errespetatuko dituzten egitasmoen alde gaude.4. Diru publikoarekin egin beharreko inbertsioak udalon eskumenean geratu behar dira.5. Poligono honek ez die ez gure herriko ez eta eskualdearen beharrei erantzuten.Horregatik guztiagatik, 2009ko ilbeltzaren 20an Urdiaingo Udalari urgentziazko batzarrerako eskaera egiteaz gain, Nafarroako Gobernuari moratoria bat exijitu diezaiola eskatu genion. Jendeak informazio gehiago eskuratzeko aukera izan dezan, proiektu honi buruz eztabaidatzeko denbora gehiago izan dezan, eta beharrezkoak ikusten dituen alegazioak egin ahal izateko aukera izan dezan.Ezker Abertzaleko hautetsion ustez premiazko gaia den arren, gure eskaera aintzakotzat hartu ez izana salatu nahi dugu. Urdiaingo Udalak ez du urgentziazko batzarra deitzeko beharrik ikusi eta gure eskaerari muzin egin dio. Bakoitzak bere ondorioak atera ditzala.