Pasa den urtarrilaren 15ean Etxarriko ezker abertzaleko udal taldeak Isralek Gazan egiten ari zen bonbardaketa odoltsuak direla-eta Palestinarekin elkartasunezko mozio bat eraman zuen udaletxera. Bertan, beste puntu batzuren artean, nagusiki palestinar herriari elkartasuna adierazten zitzaion eta Israelen aurkako boikot kanpainarekin bat egiten zen. Egun berean burutu zen plenoan mozioa ikusteko aukera izango zen, ez balitz NaBai-k sistematikoki ez-ohiko plenoak burutzen dituelako gurean, eta horrek ezker abertzalearen parte-hartzeari traba gehiago jartzen dizkio (gogoratu azken hauteskundeetan 515 boto jaso bazituen ere ez dagoela udalean). Dena dela, zinegotzi batzuk azaldutako interesaren aurrean, mozioa irakurri egin zen eta lehenbailehen pleno batean aztertu zezatela eskatu zitzaien. Urtarrilaren 29an antolatu zuten hurrengo plenoa. Palestinako mozioa sartu ez zutela ikustean harritu egin ginen. Horren zergatia galdetzean erantzunak zur eta lur utzi ninduen: Etxarriko udalak erabakia hartua daukala herriarekin zerikusi zuzena ez duten gaiak ez aztertzeko. Hori, noski, herriko zati handi bat ordezkatzen duen ezker abertzalearen iritzia kontuan hartu gabe. Aralarko zinegotziak ere mozioa tratatzearen alde agertu ziren. Baina Etxarriko udalean zeinek agintzen duen eta zeinek ez beste eskutitz batean aztertu beharko da. Erantzunak hainbat hausnarketa eragin dizkit. Lehenik, erabaki horren atzetik estaltzen den zurikeria eta elkartasun zein konpromiso eza ez datoz bat etxarriarren izaerarekin. Bestetik, herritarren zati handi bati garrantzitsua iruditzen zaion gai bat horrela baztertzea horiekiko, herritarrekiko, errespetu falta bat da. Gainera, yste dugu erantzun horren atzean babestu daitezkeela beren benetako iritzia jendaurrean ez aurkezteko, beren egiazko izaera agertzeko beldurrez. Azkenik, eta kasu honetan garrantzitsuena; behar bada herri txiki bateko udaletxeak mozio xume bat aztertzeak edo ez, babesteak edo ez, ez du mundua aldatuko; baina ziur nago Israelgo Gobernua lasai eta pozik egongo dela; beren burua demokratatzat eta giza eskubideen defendatzailetzat dutenen epelkeriak (berdin da herri, nazio edo Europa mailan izan) berriro ere nahi duenean nahi duena egiteko baimena duela ulertuko du.