Ikaragarrizko jendetza bildu ginen Bilbon presoen alde. Isildu egin ziren oraingoan komunikabide gehienak, edo, ezinbestean, aipamen ahalik laburrena eskaini zioten. Lehentxeago presoen aldeko omenaldi batean jende gutxi hurbildu zela mesprezu ahotsez zioen ministro berak mehatxuka ekin zion oraingoan manifestazioa antolatu genuen senideen aurka. Isiltasun interesatu eta aipamen mehatxagarriez gaindi, presoen eskubideak aldarrikatzen jarraituko dugu, are biziago herriaren zati handi baten presoekiko sentiberatasuna ikusiz. Preso eta iheslarien senideon hurbil hurbileko bi heriotza izan ditugu urtearen hasieran: urte luzeetan elkar ikusi ezin izan duten iheslari baten ama zen bata, seme bat tiroketa batean galdu eta beste semea urte luzeetan urruti preso izan zuen emakumea bestea. Herri honen arazo politikoak eragindako biktima larriak biak. Gure dolumin saminenak luzatu nahi dizkiegu bi familiei. Horrez gain hausnarketa bat egin nahi dugu. Senide iheslariak gogoratu nahi ditugu alde batetik, herri honek pairatzen duen errepresioaren aurpegi ezkutuenak, ezezagunenak, euren herri eta familiengandik urruti, bizi-baldintza latzetan beti, gobernuen arteko harremanetan truke-txanpon sarri, hormarik gabeko kartzela ikusezinean preso, herriari bere ahalmen guztia eskaini diotenak, herri askea amets duten gure senideak. Bigarren hausnarketa, iheslariez gain, Sakanak izan duen hildako eta preso andanari buruzkoa da. Eseri beharko gara egun batetan Sakanak izan dituen hildako, atxilo, iheslari eta presoen estatistika eta zerrenda egitera. Ezin dugu ahanzturaren geruzan lausotzen utzi hainbeste familia eta sakandarren bizipen garratzak, herri honenganako euren ekarpena. Eta bukatzeko, zorionak bidali nahi dizkiogu Lixeri bere urtebetetzean, inon atsegina izatekotan, kartzelan delako gozoa zorion-gutun bat jasotzea.