Urdiaingo MAKROpoligonoa dela eta ez dela zarata handia dago Urdiainen, batzuk MAKROpoligonoaren aldekoak eta besteak poligono baten aldekoak. Baina galdera zera da: zertarako behar du Urdiainek herria bera baino 3 edo 4 aldiz handiagoa den MAKROpoligono bat? Udalak, onurak bakarrik ekarriko dizkigula esan arren, ez du zehaztu zein izango diren: suposa daiteke etorri behar luketen enpresak direla (ez dakigu noiz etorriko diren, edo auskalo, gaur egungo egoerarekin agian ez dira inoiz etorriko) onura nagusia, beno eta hauek emango duten "aberastasuna". "Aberastasuna" segun eta nondik begiratzen den: kutsadurarik gabeko airea arnastea eta berdegunez inguraturiko ibai ertz batetik pasiatzen edo ehizan ibiltzea ere, batzuentzat behintzat, aberastasuna baita. Kontuan hartu behar da behin urbanizazio hori eginda 647000 metro kuadro inguru (herria baino 3 edo 4 aldiz handiagoa den eremu BERDE bat), zementuz josiko dutela.Bestalde, demagun MAKROpoligono hori, lan ugari ekartzen duten empresaz betetzen dela. Kasu honetan Urdiain zertan bihurtuko litzateke, Iruña batean agian? Ez dut uste, baina behintzat orain arteko Urdiain izaten ez luke jarraituko. Eta Urdiaingo "hizkeria"? Eta ibaiaren ur kalitatea? Eta kamioien zaratak? Eta enpresa guzti horiek kanporatutako kutsadura?...........Horrelako azpiegitura bat egin behar digutenean, guk urdiaindar bezala, guzti honetan pentsatu beharra daukagu eta ez bakarrik honek ekarri beharko lukeen diru iturrian. Nik behintzat, urdiaindar gazte bat naizen heinean, ez dut nire etorkizuna lehen aipatutako Urdiain horretan ikusi nahi.Ez al da hobe Urdiainen neurriko poligono batengatik lan egitea eta gobernuak jarri nahi digun MAKROpoligono ez logiko horri ezetz esatea? Pentsa dezagun zein nahiago dugun: gaur egungo Urdiain edo MAKROpoligonoaren Urdiain.Besterik gabe, MAKROpoligonoaren kontra ez dagoen jendeari gaiaren hausnarketa bat egitea eskatzen diot.