Politika ekonomiko zehatzik ez da izaten gehienetan. Hortaz, etekinen etengabeko hazkundea bihurtu da lege, beste ezeri ez inori begiratu gabe. Instituzio publikoetako aginte organo asko, espekulazioari ezin aurre egin ari dira, edo okerrago, espekulatzaileen zerbitzura daude. Industria-lurren kudeaketa kaxkarra edo txarra ez da bart gauekoa. Edonon ikus daitezke lur oparoen gainean eraikitako poligonoak, erreka bazterretan, inongo kontrolik gabe, eta jabe berriei oso merke salduta... Horiek industrial arduratsuak izan direnetan, gaitzerdi... Alabaina, espekulatzaileen hatzaparretan jausi direlarik, horiek ez dute arazorik izan enpresak edonori saltzeko, langileen etorkizunaz kezkatu gabe. Kutsadura izan ohi da poligonoen osagarri ia segurua egun ere. Ibarrea edo Ulaiar aldeko erreka bazterrak bisitatu besterik ez dago, horretaz jabetzeko.Goierrin, Orereta-aldean eta abar, urte luzez industria-kudeaketa kaxkarrak, txikizio urbanistikoak eta ingurumenean barrabaskeriak burutu ondotik, bertako kooperatibek eta eskualdearen garapenerako elkarteek antolatzen dute egun garapen ekonomikoa, turismoa, merkataritza eta zerbitzuak, ostalaritza eta beste, industriarekin ibatera garatuz, iraunkortasun irizpideak ezarriz eta ingurumenari gero eta gehiago erreparatuz.Altsasun, ordea, ohitura zaharrari loturik jarraitu dugu, zenbat eta poligono handiagoa hobe, ondoren pentsatuko dugu zertarako... Non geratu dira hauteskunde publizitate-orrietako "iraunkortasuna", "gardentasuna", edo "parte hartzea"?Bestalde, Makro-poligonoaren alde daudenek ez dute azalpenik ematen. Zergatik?Arian-arian, informazio interesatuak zabalduz, datu garrantzitsuak gordez eta sasi-egiak barreiatuz, iritzi publikoa bideratzea lortu dute, sarri-askotan bezala. Informaziorik esanguratsuena bidean galdu ohi da...Makro-poligonoa ez dago gure herrietako langileen beharrak asetzeko pentsatuta, baina langile askok eta beren familiak jasaten duten egoerak, Burunda eta Sakanaren etorkizun sozioekonomikoaz eztabaida lasaia gauzatu ahal izatea oztopatzen du erabat. Hala ere, ozen esan beharra dago, langabeziaren arazoa ez duela beste industrialdetzar batek konponduko; izan, sobera dauzkagu industri-lurrak libre edota eraikitzeko bidean Arakiletik eta Agurainera bitartean. Arazoa ez da zoru falta, zoru horren kudeaketa baizik.Aurreikuspena, antolaketa, inplikazioa eta parte hartze zabala behar ditugu; etorkizunari geure eskuez heltzea, kanpotarrei gure ordez erabakitzen utzi beharrean. Goierrin ez dituzte Odonek edo Ibarretxek hartzen erabakiak, goierritarrek baizik. Altsasu eta Urdiaingo udalek aldiz, Nafar Gobernuaren esku utzi dute dute ia 1.000.000m_ duen poligonoaren diseinua eta kudeaketa. Izan ere, makro-poligonoa:1- Gobernuarena eta bankarena izango da, eurek eraiki, saldu eta kudeatuko dutelarik, udalen parte hartzerik gabe (Roig Kontseilariak oso argi utzi zuen hori). 2- Ez dago industria-garapen aurreikuspenik. (Nagusiki logistikarako izango omen...)3- Ez dakigu zein industria mota etorriko den, hortaz, nola jakin zein izango den ingurumenean jasango dugun eragina? Kutsadura non, guk beste aldera begira jarraituko ote dugu?4- Ez dago Altsasun eta Urdiainen jada daukagun industriaren beharren azterketarik .5- Inork ez du esaten zenbat lanpostu aurreikusi dituzten... ezer aurreikusi badute...6- Ez dago populazio hazkundearen azterketarik, ez eragingo dituen ondorioena ere.7- Nekazaritzarako eta abeltzaintzarako lurrik onenak galduko dira betiko.8- Iraunkortasun irizpide oinarrizkoenei ere paso egin diete .9- Nasuinsak berak ohartarazi du Zangitun industrialdea eraikitzea ez dela bideragarria , kostu handia izango duelako eta lur eremu horren aprobetxamendu urriagatik.10- Azalera handiko merkatal guneei ateak zabalduko zaizkiela dirudi, aurreproiektua ikusirik...Soilik hazkunde kontrolatu batek hobe dezake, hobetzekotan, gure bizi kalitatea. Hazkunde bortitzek desorekak eta gatazkak eragiten dituzte gehienetan. Horregatik, arlo bat garatzea besteak aintzat hartu gabe, akats handia litzateke. Arlo horren gehiegizko hazkundea eta besteen desoreka latza eragingo luke.Garapen orekatua antolatu beharra dago, arlo ekonomiko guztiak aintzat hartuko dituena, dela merkatal arloa, dela turistikoa (gutxietsia tamalez), zerbitzuena, eta nekazaritza, abeltzaintza, basogintza...Baina horretarako, informazioa, gardentasuna eta parte hartzea ezinbestekoak dira.Ikusiko ote ditugu?