Altsasuko kirol instalazio berria kudeatzen duen enpresak (Valentziako Nitram Poolek) ez ditu onartu orain arte bertan lan egin duten bost monitoreek eskatutako proposamenak. Eta egia da, momentu honetan, Altsasuko Udalari ezin zaiola gauza gehiagorik eskatu, borondatezko ahaleginak ez badira. Orduan, non dago koxka? Horretarako pasa den legegintzaldira jo behar dugu; bere burua ezkertiartzat jotzen duten Aralar (ezker abertzalea ilegalizatuta zelarik alkatetza zuena) eta IU bezalako alderdiek, gainerako guztiekin batera, kirol instalazio berrietarako kudeaketa pribatizatzearen alde egin zuten (hori bai irizpide ezkertiarra!). Eta erabaki horren aldeko argudio nagusia, txosten batean jaso zena, kudeaketa horrekin obraren BEZ-a ez ordaintzea izan zen. Benetan harrigarria! Hala ere, zerbitzua publikoa da eta baldintza-zerrenda baten bitartez zerbitzua mantentzen dela ziurtatzen du udalak. Horren aurrean, legegintzaldi hau hasterakoan eredu honen kontra eta enpresa publikoa sortzearen alde azaldu ginen. Enpresa publiko baten bidez ere obrako BEZ-a ez zen ordaintzen. Baina guretzat hori ez da pisuzko argudio bat! Enpresa publiko baten bitartez sortzen diren etekinak herritarrendako izaten dira, udalak zerbitzu gehiago eman ahal izateko, eta ez diru publikoarekin edozein enpresaren poltsikoak betetzeko. Hala ere, erabakia hartuta zegoen eta aipatutako baldintza-zerrendari ekarpen gehien egin zizkion taldea izan ginen alde handiz; horregatik, baldintza-zerrenda onartzeko orduan (ez, ordea, kudeaketaren pribatizazioa onartzekoan, pasa den legegintzaldian inork ez baitzion ezker abertzaleari erabakitzekorik eskaini) abstenitu egin ginen. Eta orain, eskarmentu handiko bost monitoreei, aspaldian Sakanan lan egiten dutenei, gure elkartasuna adierazi nahi diegu. Lan baldintza hobeak lortzeko borrokatu dute, beste langileok ere askotan egin dugun bezala, eta udal honek hartutako erabaki baten kontra (pribatizazioarena) jo dute zuzenean. Zoritxarrez, erabaki hori hartu zutenek orain bizkarra eman diete, arazoa enpresa eta langileen artean kokatuz. Horiek bai lotsagabeak eta hipokritak!