Zazpi urtez lozorroan egon ostean, sistema kapitalista krisian dagoen honetan, industriak deslokalizatzen ari diren honetan, enplegua erregulatzeko espedienteak jasaten ari garen uneotan... premiazkoa eta beharrezkoa al da Urdiaingo soroak okupatzea, desjabetzeen bidez? Edo Nafarroako Gobernuak eta Nasuinsak, Urdiaingo Udaleko parte baten laguntzarekin (NaBai), egindako industria-lurren hirigintza-espekulazio kasu berri bat al da?Proiektu hau UPS gisa aurkeztu zen 2001ean. Hasieratik, Sakanako Mankomunitatearen, Sakanako 11 udalen; eta Altsasuko "Fundamento Orain" talde ekologistaren kontrakotasuna izan zuen. Une hartan, proiektuaren kontrako 40 arrazoibide aurkeztu ziren.Arrazoibideetako batean, Nafarroako Gobernuak inposatutako proiektua zela esaten zen, lurrari dagokionez Sakana desorekatzen zuena. Sakanako industria-lur guztia Urdiain-Altsasun geratzen da, Sakanako behar errealak aintzat hartu gabe: prestakuntza arlokoak, hezkuntza arlokoak, kulturalak... eta ez lurralde-amtolamendukoak.Eskualdeko industria-poligono bat egiteko, udal guztiak hartu behar dira aintzat, mankomunitateak, eta baita gizarte-eragile eta ekonomiko oro ere; eta Sakanarentzako plangintza orokor baten barne egon behar da.Proiektua lozorroan egon zen, 2007ra arte. Ingurumen-ebaluazioa aurkeztu zuten, eta 13 arrazoibide jarri zituzten Sakanako hainbat udal, talde ekologista eta herri-plataformek.2007ko abenduaren 27an, Miguel Ángel Zubiria (NaBai) Urdiaingo alkateak, idazki bat bidali zuen Industria Departamentura. Aipatuan, bere alderdiak babesa eman zion eskualde-poligonoari.Nafarroako Gobernuak 2008ko urriaren 14an onartu zuen proiektua. Une hartan, Urdiaingo Udalak ez zien biztanleei proiektu horren berri eman publikoki; nahita ezkutatu zuten. Eta egun, aipatu proiektua gauzatu ahal izateko desjabetzeen eta premiazko okupazioen atarian gaude.Baina 2004-2007 urteen artean, proiektuaren kontrako udala ginen aldetik, Nafarroako Gobernuarekin eta Nasuinsarekin harremanetan egon ginen, eta Nafarroako Gobernuak eta Nasuinsak zituzten zentzugabekerien berri izan genuen, zuzenean.Beraientzat, poligono hau Arabarekin lehiatzeko industria-lur eskaintza erakargarria da, hitzez hitz. Poligonoak ez du ekonomia-bideragarritasunaren azterlanik eta ez dakigu lurrari nola eragingo dion, ezaugarri horiek dituen obrak nola eragingo duen okupatzen eta desokupatzen duen lurrean.Industria Departamentuak ez du Sakanako industria-lurren behar errealen gaineko azterlanik, ezta industria-lurren behar errealei buruzkorik ere, ezta dagoeneko eraikirik dauden industria-poligonoak nola optimizatu jakitekorik eta hutsik dauden industria-nabeen espekulazioarekin amaitzeko ere.Zer dago eskualde-poligono honen atzean? Nafarroako Gobernuaren jarduteko modu bat: UPSak erabiltzen ditu bere proiektuak inposatzeko (Arangureneko zabortegia, Itoizko urtegia).Nasuinsa, industria-lurraren enpresa publikoa da; 1997an sortu zen. Bere kapitalaren % 71 publikoa da, baina beste batzuek ere parte hartzen dute: Nafarroako Aurrezki Kutxak, SODENAk, Rural Kutxak eta Euskadiko Kutxak, esaterako. Nasuinsako, CANeko eta SODENAko administrazio-kontseiluetan, Nafarroako Gobernuko karguak eta kargu ohiak daude. Enpresa publikoa, aipatu karguek beren probetxurako erabiltzen duten interes pribatua. Noiz arte izango da garrantzitsuagoa on pribatua guztion ona baino?Nafarroa eta Sakana desegituratzen dituen garapen-eredu jakina. Nafarroako Lurralde Antolamenduko Departamentuaren Nafarroako Lurralde Estrategian, (2) Lurraldearen Antolamendu Planean sartzen da Sakana; aipatu plana, ez da oraindik onartu. Altsasu, Olazti eta Urdiain Sakanako ekintza eta biztanleria kontzentratuko dituen hiri baten parte izango gara.Hori nahi al dugu? Zer gertatuko da Sakanako gainerako herriekin? Horrelako Sakana nahi al dugu? Sakanako Eskualde-Poligonoa aipatu hiri horretan jartzea nahi al dugu?Non dago Ingurumen Departamentua? Noiz arte egongo da ekonomia- eta politika-interesen mende? Beraien lana ez al da kasu honetan egin behar den ibai-lurren erabilera txarra ekiditea? Proiektu honek Uraren Markoa deritzon Europako zuzentaraua betetzen al du? Noiz arte eraikiko dugu ibai lurretan? Zer gertatuko da inguruotan hain ohikoak diren uhaldiekin? Gobernatzen gaituztenen ekologia- eta ekonomia-desastreak altxor publikoarekin ordaindu behar al ditugu? Aipatu departamentuetan guztietan, ez al luke guztien onak lehentasuna izan behar on pribatuarekiko?Egungo Urdiaingo Udalak epe motzean diru-sarrerak izateko aukera soilik ikusten du proiektu honetan, eta gainerakoa alde batera uzten du: poligonoa ez duela berak kudeatuko eta horrek herriari nola eragingo dion.Ez al da beste modu batera lan egiteko garaia? Lurrarekiko eta ingurumenarekiko errespetua erakustekoa? Lurra salerosten (negoziatzen) ez den on gisa ikustekoa, eta ez merkantzia gisa? Orekatuagoak diren eta ingurumena gehiago errespetatzen duten beste garapen-eredu batzuen alde egiteko garaia?