Inoiz pentsatu duzu den-denok hil behar dugula? Ez dela hemen inor geldituko? Hamaika ikusteko jaioak garela dio esaera zahar batek eta arrazoia dauka. Orain dela gutxi Italiako Eluanaren kasuak eztabaida gogorrak eta luzeak ireki ditu, eta niri eutanasiaren inguruko hausnarketa egiteko aukera eman dit.Eutanasia hitzak zergatik ematen digu dardara txiki hori? Heziketa kontua dela uste dut. Hasteko, haurrak eta gazteak garenean heriotza eta hau inguratzen duen guztia ezkutatu egiten zaigu, heriotzari buruz hitz egitea tabu baita. Bestaldetik, gure heziketa erlijiosoak (eliza katolikoak irakatsi diguna, alegia) esaten digu pertsonok bizi behar dugula edo biziaraziko gaituztela (ez du axolarik nola).Baina, etikak edo moralak esaten duen horretan oinarriturik, sistemak -deitu gobernua, gizartea edo dena delakoak- izugarrizko muntaia egin du. Hortxe ditugu farmazeutikak beren ikertzaileekin, gure bizitza ahalik eta gehien luzatzeko, botikak harturik, noski; hortxe ditugu medikuak, erizainak eta beste zientifikoak bizitza, berriro ere, luzatzeko eta gaixotasunak sendatzeko; hortxe ditugu 3. adineko jendea zaintzeko egoitzak... Konturatu zara zer muntaia? Bizitza duina eta luzea izan dezagun. Hala diote, behintzat. Esaten ez digutena da tartean dauden interes ekonomikoak ere badaudela, montatu duten guztia mantendu behar dutela.Eta hori guztia mantentzeko kontraesan itzelean erortzen gara: Bizitza "bukatzear" daukanari mantendu eta luzatu egiten diogu; eta benetan bizitza duenari ongi "bizitzeko eskubidea" kentzen diogu eta "tortura" batean biziarazten dugu, ondoan duen erremediorik gabeko gaixoa zaindu behar duelako. Hauxe da latzena. Hamaika ikusteko jaioak gara, bai!akinlo@euskalerria.org.