DEMENTZIA DUEN ERIAREN ZAINTZAILEA "ZAINDU" HITZAREN ESANAHIA (II)

Benar Intxaurrondo Arraras 2009ko ots. 27a, 00:00
Administrazioek ez diete erantzuten mendeko erien eta zaintzaileen beharrei eta, askotan, azken horiek babes eta zainketa eza eta bakardadea sentitzen dute.Bestalde, medikuntzako aurrerapen teknikoei eta bizi itxaropena handitzeari esker, mendekotasuna duten erien kopurua izugarri handitu da eta, segur aski, gehiago izanen dira hemendik aurrera. Bestalde, emakumearen rol tradizionalaren aldaketak eta etxetik kanpora lan egiteak krisian sartuko dute, agian, mendekotasuna duten eriak familiakoek zaintzeko sistema. Mendekotasuna duten pertsonen zainketak eta horiek familiei ekartzen dizkieten zamak familiek eta administrazioek batera hartu beharko lituzkete bere gain.GAINKARGAREN ARRAZOIAK Lehenbiziko urratsa norberaren egoera onartzea da. Erne egon beharra dago ea "zaintzailearen sindromea" agertzen da. Sindrome hori duenak bere nortasuna ere gal dezake; "alde batera uzten ditu" familia, zaletasunak eta ordurarteko bizitza baztertzen du, ardurapeko pertsonaren zerbitzuan erabat jartzeko. Horrela elkarren mendean egoten dira adinekoarekin eta ezinegona eta estresa izaten dituzte. Garrantzitsua da zaintzaileek laguntza eskatzea eta bilatzea, "leher eginda" ez bukatzeko.Zaintzaileek ordezkoak behar dituzte ordu batzuetan, bere buruarentzat beta izateko. Lagunduko dien eremua behar dute egoera beretsuan dauden pertsonekin haien esperientziez eta sentimenduez mintzatzeko. Nahitaezkoa da prestakuntza handia, ez hainbeste zainketa fisikoaz edo laguntzaz, eritasun endekatzaile bat edo dementzia bat nola ulertu eta eraman jakiteko eta egoera itogarriak nola eraman ikasteko baizik.Garrantzitsua da, halaber, Administrazioak ematen dituen baliabideak hobeki ezagutu eta aiseago eskuratzea (laguntza ekonomikoak, pentsioak, zerga onurak, giza baliabideak...). Orobat, adinekoaren bizitza kalitatea hobetzeko materiala ezagutu, eta, ondorioz, zaintzailearena ere bai (aulki gurpildunak, garabiak, ohe egokituak...). Horretaz gain, izapide burokratikoak arindu eta erraztu behar dira. Maiz, eskatzen diren laguntzak edo esku-hartzeak berandu iristen dira edo ez dira egokiak egoera asko aldatu delako.Laburki, laguntza behar dute lana hobeki egiteko.