Gure gizartean gutako gehienek droga desberdinekin harremana dugula esan dezakegu (kafearekin, ardoarekin, garagardoarekin, medikamentuekin, tabakoarekin, speedarekin, cannabisarekin...). Batzuk gure dietaren zati bat dira, beste batzuk gure ondoezari erremedio jartzeko hartzen ditugu eta beste batzuk ordea plazer moduan barneratzen ditugu. Substantzia guzti hauek funtzio bat betetzen dute, zerbait lortzeko kontsumitzen ditugu. Baieztatu dezakegu, historian zehar eta gizarte ezagun guztietan substantziekin harreman bat egon dela, gaur egun droga izena eman dioguna. Baina droga honen nozioa aldatu egin da garai edo errepresentazio kulturalaren arabera. Drogak beti existitu izan dira eta batzuetan hauen erabilpenean arazoak eman badira ere, inoiz ez dituzte gaur egungo arazoak sortarazi. Substantziak ez dira asko aldatu; estimulanteak, depresoreak, aluzinogenoak, analgesikoak... existitzen jarraitzen dute, aldatu dena gizartea eta kontsumitzeko erak izan dira. Substantzia aurkezteko modua aldatu egin da, gaur egun artifizialagoa da, hau ere gure gaur egungo gizarteko ezaugarri bat bezala ikus dezakegu. Pertsonen ongizatean betetzen duten paper garrantzitsua ikusita, esan dezakegu drogak existitu direla, gaur egun existitzen direla eta bihar ere hor jarraituko dutela. drogak. Gizartearen zati bat direnez pertsonengan interesa piztu dezakete eta gazteetan are gehiago mundua ezagutzeko duten ezaugarri propioengatik eta hauekin esperimentatzeko gogoa ere sor daiteke, horregatik drogak dauden munduan bizitzen jakin behar dugu. Drogei buruzko informazioa (arriskuak, eraginak, sortzen dituzten sentsazioak...) izatea ezinbestekoa da hauekin era errealistan bizi ahal izateko. Drogak objektuak dira, bizia ez duten objektuak dira. Ezin dira onak edo txarrak bezala sailkatu, bizia ez duten objektuak direlako. Ekintza bat edo gertakari bat ona edo txarra bezala ikus daiteke, baina drogen kasuan hauekin egiten den erabilpena da oinarria. Erreflexio bat egin dezagun: kotxe bat ona edo txarra da? Alkohola edan eta gero erabiltzen badugu edo korrika gehiegi egiten badugu emaitza txarrak izan ditzakegu. Aldiz, era egokian erabiltzen badugu leku batetik bestera mugi gaitzakeen garraiobide bat da. Horregatik, hauekin egiten dugun erabilpena da oinarria, horretarako substantzia bakoitzaren ezaugarriak garbi izan behar ditugularik erabakiak hartzeko momentuan.