Gordina izan da negua, beltz esnatu zaigu udaberria. Garazi eta Maitane gure artean ikustea aire gozagarria izan da, ongietorriak biok, baina esanen dugu Garaziri alaba jaioberriarekin betearazi diotela kondenaren azken ordua bera ere; Maitanek berme gogorra ordaindu behar izan du eta herri normalizatu batetan ulertu ere ez litzatekeen epaiketa baten zain dago. Bi epaiketa izan ditugu: Hodei Ijurkori 16 urteko kondena ezarri diote, Mikeldi altsasuarra epaiaren zain dago baina eskaera latza egin du fiskalak: hurretik jarraitu duen edonork daki bi epaiketok fartsa hutsa izan direla. Berriro ere torturak azken asteotan: senideon ezinegona eta amorrua sortarazten digun atxiloketa bakoitzaren ondorengo errealitate basatia; torturarik ez denean ere familiak lauzpabost egunez ez dakigu atxilotua ez non ez nola aurkitzen den; konfiantzako abokaturik ez du epailearen aurrean, osagilerik ere ez, arau eta aholku internazional guztiak hautsiz; ez dituzte betetzen hain harro aldarrikatutako atxiloketetako beraien protokolo eta arautegiak ere.Bestalde, hauteskundeak izan dira Baskongadetan baina denok dakigu eragin zuzena izanen duela preso guztien etorkizunean: geroak esanen du zer, baina jada aurreratu digute presoen aldeko kaleko edozein ekintza erasota izanen dela, etxean zokoratu nahi gaituztela. Argi daukate presoekiko jokabide erabat ankerra dela, mendeku hutsa: atentzioa deitu diote Europatik. Horregatik isilarazi nahi gaituzte, baina hor jarraituko dugu presoen eskubideak aldarrikatzen, eskubideon urraketak salatzen, presoei babesa eskaintzen. Besteen zain egoterik ez dugu. Guztiok gaude inplikatuta. Gaurkoak emanen dio neurria geroari. Lan zaila dugu, denon artean burutuko duguna. Eutsi ezpalari. Maitane, Garazi eta preso guztien kemena da gure indarra. Gu geu gara etorkizuna eta itxaropena.