Mendebaldeko jendartea krisiaren harrak joa dago azken hilabete hauetan eta latzaldi hau luze antza omen dator zantzu askoren arabera.Krisia diogunean, jakina, diruaren krisiaz ari gara, ezen ez bestelako alorren krisi batez. Zer gertatu da, ordea, diruarekin? Hain oparo eta ugari zena ez hain aspaldian, udazken arratsaldetako tximiniako kea bezala "putzada batekin huts" bihurtu ote da?Adituak mota guztietako azalpenak ematen saiatu dira: finantza produktuen oinarri maxkalean egon liteke jatorria, teknologia berrien programa kontrolaezinei ere leporatzen zaie errurik, kapitalismoaren gaitz ziklikoa eta ,beraz, saihestezina eta sendazteko modukoa da , edota Jerikoaldeko turuten joaldia lagun, kapitalismoaren amaiera apokaliptikoa iragartzen zaigu hamaikagarren aldiz ( ez du esan ba, nork eta Sarkozik berak kapitalismoaren funtsa aldatu behar dela?).Gogoetak gogoeta eta iritziak iritzi gutxienez gauza bat badakigu oso segurua, hots, gutxi duenarentzat krisia krisiagoa dela, hilabete bukaera sufrikario galanta izatea ez dela yate bat ezin erosi izana. Bestetik, ez dirudi sindikatu edo mugimendu alternatiboetatik planteamendu berri eta erakargarririk dagoenik krisi honi buelta emateko.Konponbideei begira atentzioa ematen dit Zapaterok egindako kontsumorako deiak. Proposamen logiko eta koherentea garapenkeria nagusia den sistema honetan.Logiko eta koherentea gaurko eta bihar goizeko beharretarako baina hemendik urte gutxiko, hau da, 80 edo 210 urte barrukoei dagokiena suntsitzen ari ote garen kezka sortzen zait."Kontsumitu ezazue" bota zuen Zapaterok eta nik nire artean pentsatu nuen Mendebalde osoan ez ote gauden ongi kontsumituak, hau da, ez dugun nahikoa kontsumitu edota ez gauden behar bezain ongi sistemak kontsumituak.