Elurtsua izan dugu azkeneko negua, eta gure bailarako mendi gailurretatik elurra joan dela bizpahiru egun pasa dira bakarrik. Gainera, a zer nolako elurteak. Asko gustura ibili gara hemen bertan eskiatzen urrun joan behar izan gabe gure baso artetik, Finlandiaren antzera, ziztu bizian eskiak oinetan jarririk. Horregatik, mila esker Altsasuko Mendigoizaleei Urbasako ipar eskiko pista, egunero, prest izateagatik, benetan. Aldi berean, aproposa izan dugu hartzaren hibernazioa etxe barruan egiten, baina nola ez, argaldu beharrean, loditzen. Horrelako beste hilabete bat eta ez dut uste sartuko nintzatekeenik ditudan praka gehienetan. Eskerrak bukatu egin dela.Badaezpada ere, eta neure burua ezagutzen dudanez, hasia nintzen udazken bukaeran kafea sakarinarekin hartzen, ogia kontrolpean izaten, bokatak asteburuetan bakarrik jaten eta holakoak egiten. Zertarako? Ezertarako ez, zeren eta, hala ere, pisua gero eta gorago. Udaberria iritsi da eta uda ate jokan dago eta ez nekien, oraingoan, nola galduko nuen pisua. Kirola? Argi dago ez didala asko lagundu pisua kontrolatzeko, Urbasan eman dut negu gehiena eskiatzen eta astero bi edo hiru egunetan joan naiz korrika egitera 45 minutuz. Dieta? Ez dut gustuko. Sakarina bai, ogia gutxi, bokatak noiz behinka, baina jatea da geratzen zaidan bizio bakarra. Gogoratu tabakoa utzi dudala. Oraingoz. Baina gaur goizean piztu egin da argia egunkaria irakurtzen nengoelarik. Badakit non egin bikini operazioa aurten: Nafarroako Ospitaleetan. Eskatuko dut ospitaleratzea, edozein arrazoi emango dut eta kitto. "Mierditerranea de Catering"-ekoak oraindik dabiltza bazkaria prestatzen. Arazoa zera da, E.Coli duten barazkiak emango dizkidate bazkaltzeko, bakteria fekalak dituen tortilla jarriko didate afaltzeko? Argaltzeko beste modu bat pentsatu beharko dut, arrisku handiegia ospitalean.Kexak, iritziak, iradokizunak: dudugalan@hotmail.com