Lehenengo ahateak hegaldia hastean bidea zabaltzen dio bigarren ahateari. Bigarrenak bidea garbitzen dio hirugarrenari. Azken honen hegaldiak laguntzen dio laugarrenari. Laugarren ahateak bosgarrenari... Puntan dagoen ahatea nekatzen denean, bere lekua beste bati uzten dio eta V itxura duen hegaldiaren bukaerara abiatzen da. Etengabe txandakatzen dira nekatu ahala; aurretik atzera eta atzetik aurrera. Inork ez du bere burua "super-ahate"-tzat aurrean hegan egiteagatik, ezta "azpi-ahate"-tzat bukaeran hegan egiteagatik (Eduardo Galeano "Los hijos de los días").Maiatzaren bata egun gorria da gure egutegietan, ez dakit ordea oso ondo zergatik: komunismo eta sozialismoarekin zerikusia izan dezakeelako, odol usaina duelako edo jai dugulako. Baliteke aukera guztiak langileen nazioarteko egunaren baitan egotea. Izan ere, zortzi orduko lanorduak aldarrikatzeko 1886an egin zen greba orokorrak eta ondorengo egunetako gertakariek 5 langileren erahilketa suposatu zuten Txikagon. Ehiztariek bost ahateren hegaldiari amaiera eman bazioten ere, gainontzeko ahateek hegan jarraitu zuten, txandakatuz; aurrekoak atzera eta atzekoak aurrera; galerak kementasunez ordezkatuz.Gaur egungo mapari so eginez, panorama kaxkarra zeru zabalean: XIX. mendeko aldarrikapenak indarrean baitaude oraindik. Baina ez da langileen eskubideen galera okerrena. Badago okerragorik, izan ere, zerura begiratzean ez da V itxurako ahate multzorik somatzen. Ehiztariak hor dabiltza trebetsu, baina arazoa ez da ahaterik ez dagoela, elkarrekin ez daudela baizik; elkarrekin ez gaudela baizik.