Lerrook idazterakoan Inasa lantegiaren geroa airean dago eta aste honetako Guaixe ateratzerako agian jendarteak jakinen du zer gertatuko den fabrika honekin eta haren langileekin.Nolanahi ere langileen jarrera tinko eta sendoaz berri izan dugu azkenaldi honetan. Gogoeta eta hitzetatik ekintzetara pasatzera behartu dituen jarrera. Izan da gure historia hurbilean gaztetxea egiteko fabrika zaharren bat okupatu den herririk. Okupatu dira bestelako eraikinak, herri abandonatuak, landu gabeko alorrak. Toki horiei bizia ematea zen beti ere okupazioaren xedea.Oraintsu Inasako langaren ondoan eman dituzte orduak eta egunak langileek eta sostengu emaileek, berriro ere toki hari bizia ematekotan. Bizia eta lana, lana eta bizia. Gurean aspaldiskotik " Sakanan lan eta bizi" perpausa dabil bolo-bolo, eta hitz hutsaletatik harago perpaus haren karietara sakandar asko ari dira jo eta ke kalean eta plazetan, batzarretan eta talde eragileetan. Dema neketsua dugu hau, eta Inasako erronka honen erakusgarri bikaina da. Borrokaren emaitza ez dakidan une honetan gauza bat argi dakit, hots, zerbait lortu bada egindako ahaleginaren ondorio bat izan dela eta ezertxo ere lortu ez bada ez dela gertatu langileen kemenaren faltaz.Asko eta asko dira egin beharreko urratsak jendarteak krisiari aurre eginen badio eta gaina hartuko badio. Inasako langileek duintasun eta borroka lezio eder bat eman dute, elkarlana eta sakrifizioa batuz, azken aukerak bilatuz. Zorte ona merezi du haien ahaleginak, Inasan nahiz Inasatik kanpo edukiko ahal dute !