Euskara ez duela buruak iraunarazi, bihotzak, aldiz, berak bakarrik ezin duela gehiago ikasi nuen aspalditxo ja. Euskaldun izan nahi duenak, orain eta hemen, hautuak egin behar izaten ditu erdararen txunamitik babesteko. Hautu konszienteak. Eta ez da ariketa erraza, ondotxo dakigunez, jarrera eraikitzaileekin ibiltzea, insistentzialistekin nahi bada, bizimin horri aurrerabidea zabaltzen. Antidotorik garatu ezean, izan ere, euskalduna erre egiten baita eta euskaldun pasiboen multzoa gizentzera pasa. Euskaraz hitz egiteko adina gaitasun lortu ez duenari euskaldun pasibo esaten zaion eran, euskaraz jakin bai baina egiten ahalegintzen ez den hori ere euskaldun pasiboa da praktikan. Zenbat halako oso urrutira joan gabe ere!Zein eratako antidotoak txertatu behar ote dizkiogu elkarri, bada, oraingo eta etorkizun hurbileko euskaldunok? Formazioak damaigun energia antidoto horietako bat izan behar delakoan nago, gaude. Hiru norabideotako formazioa:Hiztunari dagokionean, plano psikolinguistikoan, erraminta teoriko-praktikoez jabetzeko, gero eta jende gehiago ahal izatetik nahi izatera igarotzeko. Euskaldun pasiboa baino gehiago izateko, alegia. Gure ikastetxe eta aisialdi-taldeetan, adibidez, zein plangintza daukagu?, zein gertuko eredu imitagarri?, gure gazteak euskaldun hezteko. Euskaldun antolatuei dagokienean, plano soziolinguistikoan, konturatzeko batzen gaituena baliotsuegia dela, garrantzitsuegia, inorengan delegatzeko geurea den erantzukizuna. Ardura hartzeko, ordea, prestutasuna behar da, bai instituzioetako eragileen aldetik eta baita euskararen gizarte-mugimendukoen aldetik ere. Eta hori ez dator berez. Hego Euskal Herrian, aurreko mendeko laurogeigarren hamarkadan hasitako zikloari amaiera iritsi zaio. Beste ziklo batean gaude, jada. Zer emango du, kasu, Kontseiluaren baitako eragileen artean une honetan bideratzen ari den gogoeta-prozesuak?Euskal herritar guztioi dagokigunean, plano politikoan edota ekologikoan nahi bada, ohartzeko zein garrantzitsuak garen euskaldunok osotasun nazionalari eta internazionalari begira. Bestelako mundu horren alde bagara nor! Begira gauden modu berean, begira dauzkagu gure antzera dabiltzan mundu osoko hizkuntza-komunitate asko.Formazio hori, bihotza eta burua janztearena, taldetasunean eraikitzen da, eraikitzekotan. Badauka teorikotik eta badauka, areago, exenplutik ere. Gramatika ikasteko bezala, euskaltzaletasuna bera ere adibide egokien bitartez i(ra)kasten baita ondoen.