2014an Altsasu, Olazti eta Ziordiako Mankomunitateak ospakizun berezia egiteko asmoa du. Babestutako Gizarte Lana Programak 25 urte beteko ditu eta teknikariak,ospatzeko gogoekin daude aukera izanez gero.Denok dakigun moduan, Babestutako Gizarte Lana etekin gabeko eta elkarlana sustatzeko proiektua da eta lan normalizaturako zailtasunak dituzten pertsonen kontratazio lanak burutzeko helburua du. Parte hartzaile bakoitzaren ezaugarri sozio pertsonalei erantzuteko, lan ordaindua, konpainia soziala, lan trebetasunak eta gaitasun sozialak sustatzen dira, hauek guztiak gizarteratze ibilbide batean kokatuz. 25 urte hauetan ehunka pertsonak parte hartu dute lan ezberdinak egiten (San Juan ermitaren konponketa, Erraldoi eta buruhandien zaharberritzea, San Pedroko kanpako langak eta azken urte hauetan bereziki kaleko garbiketak eta lorezaintza, ...)Nafarroako Gobernuak proiektu hauen aurrekontua %70ean gutxitu du azken 3 urtetan, baina 2013ko deialdiaren arabera, bertan azaltzen diren aldaketa eta irizpide berrien ondorioz, mendialdeko herriak oraindik kaltetuagoak izanen dira, portzentaje hau %85era igoko baita. Ustekabeko murrizketa latz honek, kolokan jarri du gure BGL. Adibidez, abuztutik aurrera Altsasuk ez du parte hartzailerik izango eta Olazti eta Ziordirako pertsona bat bakarrik izango dute 4 hilabetetan, hainbat eta hainbat pertsonen gizarteratze ibilbidea, bertan behera geldituz orain arte jasotzen zuten babes egoera eta baita etorkizunean aurrera jarraitzeko aukera ere. Altsasu, Olazti eta Ziordirako Babestutako Gizarte Lana erreferente bat izan da azken 24 urte hauetan eta horrela jarraitu nahi dugu beste 25 urtetan. Horrexegatik gure esku dagoena egiten ari gara eta bide beretik jarraituko dugu, hurrengo urtean ospakizun berezia egin ahal izateko.Babestu dezagun babestutako gizarte lana!!!