Deikaztelu eta Itsaso arteko 400 Kv-eko argindar linea berria eraikitzeko proiektuaren prozedura administratiboa bukatzear dago. Seguruenik laster, hemendik gutxira, proiektua onartua eta bere exekuzioa martxan izango dugu. Horren kontra alegazioak aurkeztu ahal izateko, aste gutxi besterik ez dira falta. Hala ere, "Autopista Elektrikorik ez" plataformari esker, inposaketa horri aurre egiteko aukera dugu eta beste tresna batzuk ere gure esku daude gure erresistentzia azalarazteko.Beste behin ere, udal autonomiaren gainetik inposatu nahi den azpiegitura dugu hau, kaltetuendako inolako onurarik ez dakarrena eta eragozpenak, kalteak handiak ordea. Horren kalteak jasan behar dituzten herri gehienetako Udalbatzek eta Alkateek horren kontrako jarrera argia erakutsi dute. Beharrezko alegazioak aurkezteaz aparte, herritarrok gure kontrako jarrera azaltzeko aukera dugu orain, auzokideen batzarrek bultzatutako, sustatutako herri galdeketen bitartez.Asteburu honetan, Arakilgo herri ezberdinetan egingo dira galdeketak eta datozen aste eta hilabeteetan, herritarron ahalmen honen isla Sakanako beste herrietara ere zabaltzea espero dugu.Sustrai Erakuntzan, ingurumen eta lurraldearen kontrako erasoek kezkatzen gaituzte. Kasu gehienetan, interes ekonomiko pribatuekin zerikusia (lotura) duten erasoak dira horiek, besteak beste, tentsio altuko argindarraren linea, hondakinen erraustegia Portlanden edo "fracking" delakoa, haustura hidraulikoaren bitartez gasa ateratzea.Hori dela eta, interes horiek zuzenki salatu nahi dituzten taldeei eta norbanakoen erabaki ahalmena berreskuratzeko iniziatiba sustatzen dutenei babesa ematen diegu.