Irakurtze tailerra

Eduardo Galan 2013ko eka. 14a, 00:00

"Logikak, A puntutik B puntura eramango zaitu, imajinazioak berriz, nahi duzun tokira" zioen Albert Einsteinek. Gero eta imajinazioz beteriko ekintza gehiago antolatzen hasiak dira gure artean, azkenaldi honetan, agertzen zaizkigun arazoei aurre egiteko. Adibide gisa eta benetan harritu egin ninduena honako hau izan da. Malabar, gozogintza edota makrame tailerraz aparte beste tailer motak antolatzen hasi dira. Duela aste bat jakin izan nuen Sakanako Hipotekengatik Kaltetutako Pertsonen Plataformak (PAHS) hipoteken eskriturak irakurtzeko tailerra antolatu egin zutela Altsasuko Iortia Kultur Gunean. Benetan tailer bitxia, baina guztiz beharrezkoa guztiondako, batez ere, eskritura horietan Notario Jaunaren aurrean gure sinadura botatzearen ondorioz, era batean edo bestean, gure bizitza osoa moldatzen baitugu, gure bizitza hipotekatuz. Datu bat bakarrik, 2012 urtean 43.858 kaleratze egon ziren espainiar estatuan, hipoteka ez ordaintzeagatik. Ez dakienarendako hizki eta kontzeptu ulertezinez beterik egonen dira eskritura hauek - TAE, NOMINAL, EURIBOR, DIFERENCIAL, INTERES DE DEMORA- eta hipoteka sinatzerakoan ondo jakin egin behar da zein da beraien esanahia. Gogoratu, oraingoan, "klausula suelo" deritzona izatea edo ez lagundu zaitzake diru gutxiago ordaintzeko, beraz zure hipotekaren berrirakurketa bat egiteko momentua da. Ziurrenik, zerbait berria ikasiko duzu edo baliteke gutxiago ordaintzea.    Beraz, adi egon eta antolatzen diren tailer benetan interesgarri horietara hurbildu eta parte hartu beharko dugu, ea zerbait ikasten dugun.Kexak, iritziak eta iradokizunak: dudugalan@hotmail.com