Asko dira Drogamenpekotasun Prebentzio Programatik hitzaldien, tailerren, topaketen... bidez gurasoekin lan egiten daramatzagun urteak, eginkizun sutsu eta korapilatsua den seme-alaben heziketan laguntzeko.Gurasoek eguneroko egoerei aurre egiteko formazioa eskatzen dute, beren seme-alabek pasatzen dituzten momentu ebolutiboak ulertu eta era egokienean jokatu ahal izateko.Eskaera hauei erantzuna emateko gure zonaldean gai zehatzekin lantzen diren tailerrez gain, "Guraso eskolak" jarri dira martxan Olaztin, Altsasun, Etxarri Aranatzen, Uharte Arakilen eta Irurtzunen. Topaketa hauetan gurasoek parte hartzen dute eta beren seme-alaben heziketari buruzko orientabidea eta aholkuak jasotzen dituzte profesional baten laguntzarekin.Topaketa hauetan ez da gaia zehatz bat lantzen, momentuan ateratzen diren proposamenei, interesei, ardurei, kezkei... erantzuna ematen baitzaie. Familietan eguneroko martxan sortzen diren gaiak jorratzen dira, adibidez: arauak, mugak, semeen arteko jeloskortasuna, autoritatea, komunikazioa, bikotean iritzi desberdintasunak, umeetan amesgaiztoak...Topaketa hauen helburua baliabideak eta trebetasunak eskuratzea da bizi pertsonal eta familiarra hobetzeko.Guraso eskolak seme-alaben heziketa gaietan jantzia dagoen profesional batek zuzentzen ditu. Pertsona honek gaia jaso eta gogoetara gonbidatzen ditu parte hartzaileak. Gaia taldeko pertsona batek planteatzen badu ere, oso lagungarria da talde osoarentzat gehienetan ditugun zailtasun edo kezkak antzekoak izaten direlako eta era batean edo bestean gure emozioak ikutzen dituzten gaiak izaten direlako. Esparru honetan konturatu gaitezke egoera batzuk ez zaizkigula guri bakarrik gertatzen eta honek lasaitasun apur bat eman ahal digu. Taldekideak lehen egunetik parte hartzea garrantzitsua da, taldea sendotzeko eta gaiak lasaitasun gehiagorekin lantzeko.Seme-alaben kurtsoaren bukaerarekin batera, guraso eskolak bukatzen ari dira eta jaso ditugun ebaluaketak oso positiboak izan dira, parte hartzea geroz eta handiagoa da eta gurasoek hauen jarraipena eskatzen dute. Animatu parte hartzera!