Erosketak egitera joan naiz eta dendariarekin izan dudan hizketaldia espainol hutsez izan da.Kalean betiko lagun euskaldunarekin topo egin eta "¿Qué pasa?" galdetu diot; ondoren erdara hutsean jarraitu dugu.Lanean agurra baino ez dut egin euskaraz.Lanetik irten eta tabernan kafesnea eskatu dut; tabernariak "e?" galdetu eta zuzenean "Un café con leche" esan diot. Kafesnea atera didanean "¿Cuánto es?" galdetu diot eta "Bat hogei" erantzun dit.Kafea hartu bitartean honakoa pentsatu dut: Zein izan da ni erdarara pasatzeko arrazoia? "E" batek besteak euskaraz ulertzen ez duela esan nahi du? Egunean zehar nire hizkuntzak presentzia gutxi izan duela ohartu naiz. Gehienetan, gainera, ni izan naiz zuzenean gazteleraz hasi dena, ohituragatik edota beste pertsonak euskaraz jakingo zuen zalantza nuelako. Baina, zein da nire hizkuntza? Eta zein hizkuntzatan bizi nahi dut?Nonbait irakurri nuen Bahametako biztanleak zuriekin topatzen zirenean espaloitik jaisten zirela; nik nire herrian nire hizkuntzarekin berdina egiten dut? Erdararen errepidera salto egiten dut?Azken hilabeteetan asko izan dira galdera hauek beren buruei egin dizkieten altsasuarrak, eta euskaraz bizitzeko bideari ekin diotenak. "Dendara sartzean lehenengo hitza euskaraz egingo dut", "Nire koadrilan euskaraz hitz egingo dut", "Tabernetan euskaraz eskatuko dut", "Anaia-arrebekin euskaraz mintzatuko naiz", ... Denetariko konpromisoak hartzeko prest agertu dira altsasuarrak. Konpromiso xumeak eta errealak, baina, betez gero, Altsasun euskaraz bizitzea ahalbidetuko dutenak. Beraz, euskaraz bizitzeko hautua egin, segi konpromisoak hartzen eta betetzen eta EZ ZAITEZTE ESPALOTIK JAITSI!!!EUSKARAZ BIZI!