Bere errausketa proiektua UGPrS (Olaztiko udal araudia saihesteko plana) moduan tramitatua izateko, Portlandek jarduera berria lantegiko 148 lanpostuak mantentzeko beharrezkoa zela argudiatu zuen. Baimena lortu eta berehala 29 langile kaleratu zituen.Martxoaren 16an Altsasun egin zen manifestazio handitik bi egunera, Portlandek bere proiektua interes orokorreko izendatzeko eskaria egin zuen, horrela hondakin kudeaketa behin betikoz udalaren kontrolpetik urruntzeko. Eta oraingoan, berriz ere, 122 lanpostu zuzen eta harrobietako eta garraio sektoreko beste hainbat enplegu mantendu beharra aipatuz.Interes orokorreko izendapena lortu eta hilabetera, beste 39 langileren kaleratzea iragarri du, I+G+B (Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza) sailekoak horien artean. Horrekin argi utzi du hondakin errausketaren alde egiten duela, zementuaren ekoizpenean berrikuntzak eta hobekuntzak egitea erabat baztertuz.Lanpostu murrizketa honekin batera, enpresak 56500 tona hondakin erretzeko baimena lortu du, erregaiaren %53aren ordezkapena, eta guztia enplegua mantentzearekin, zonalderako duen garrantzia ekonomikoarekin eta ingurumenari egiten dion ekarpenarekin justifikatuz.Zementuaren sektorean hondakinak errausteak izugarrizko gorakada izan du azken urteotan zementu eskaria gutxitzen joan den heinean: % 0,8 2000. urtean, % 4,2 2006an, % 7 2008an, % 16 2010ean, % 21 2011n, % 24 2012an eta horrela darrai goraka. Enplegua, aldiz, 2007ko 7200 lanpostuetatik ia erdiraino murriztu du. Hori izan da zementu ekoizleen planak ekarri duena, New Val izeneko planak, Portland-en kasuan, lantegia errauskailu bihurtu bere negozioa dibertsifikatzeko.