Aristides Vargas-en hitzetan Brunak dio "niretzat erbestea besarkada arazo bat da", eta Oskarrek "nolatan?". Bruna bere usteak azalpen bat behar duela oharturik, zera dio: "Begira, txikia nintzenean nire txakurra besarkatzen nuen eta nire gurasoak haserre bizian jartzen ziren, nire gelara erbesteratzen nindutelarik; gaztaroan mutil bat besarkatu nuen eta hark bakardadera erbesteratu ninduen; helduaroan ideiak besarkatu nituen eta nire herrialdetik erbesteratu ninduten, erlijioa besarkatzeko saiakerak egitean jasotako kastiguak ez aipatzearren. Horregatik, egun, badaezpada, ez dut ezer ez inor besarkatzen".Erbestea beraz, bestea (izan pertsona, animalia, ideia edota dena delakoa) besarkatzearen ondorioz sarritan ezartzen den kastigu bat da. Mundu honetan maitatzea arriskutsua izan daitekeela ez ahazteko ahaleginean, agian. Erbestea bi gorputzen artean zabaldutako amildegi bat da edota azalean irekitzen den zauri bat, hura josteko haririk gabe geratu den bihotzean. Erbestea besarkadak behar duen gertutasun hori apurtzeko inposatzen den distantzia bat da. Batzuetan, ate itxien itxura hartzen duena, bestetan, aldiz, ahotsez beteriko isiltasunarena. Erbesteak badaki atzerritartasun sentimenduaz, bai norberarena ez den herri batean egoteagatik edota norbere barrenean nork bere burua arrotz bizitzeagatik.Eta hau gutxi balitz, erbesteratua izateak pairatu ohi duen patua ezin ahaztu: Oroimenaren galera; nola deitzen zen, nola zen... eta antzekoak. Oroitzapenak zainetan barna ezin eutsi dabilen gorputzaren saiakera tematia. Euskal Herriak eta euskal herritarrok badakigu erbesteaz, badakigulako besarkadez. Eta agian Brunak eginiko hautuan ez erortzeko (sekula gehiago ezer ez inor ez besarkatzearena alegia), memoria bizirik mantentzea da gure arma bakarra; etxera itzultzeko arma bakarra.