Ekonomia zikloaren faseetan badira kapitalistak ez diren logikek araututako ekimen ekonomikoak. Elkartasun ekonomia osatzen duten ekimenak dira, lankidetza, jabetza kolektiboa eta iraunkortasuna aintzat hartzen dituztenak, bai ekoizpenean, merkaturatzean, kontsumoan edo finantzetan. Entitate hauen ahuldade nagusia da haien artean ez daudela behar bezala antolatuta. Gizartea kapitalismo ondoko gizarte baterantz eraldatu nahi bada, elkartasun ekonomiaren helburuetako bat da enpresa horiek merkatu sozialean antolatzea, kontsumo arduratsua bultzatzen duten pertsona zein entitate askorekin batera.Merkatu soziala sare bat da, eta horren nodoak lirateke elkartasun enpresak eta kontsumitzaile arduratsuak (pertsonak, entitateak, enpresak); eta fluxuak lirateke lurralde batean gertatzen den ondasunak eta zerbitzuak trukatzea, berdintasun, ekologia eta elkartasun printzipioekin bat ekoiztutakoak. Fluxu horiek nodoen beharren zati handi bat asetzeko gauza izanen lirateke, ekonomia kapitalistatik hein batean askatuta.Nola garatu merkatu sozialak? Honako hauek dira horiek sortzeko printzipioak: nodo bakoitzak beste nodoetatik kontsumitzen du, ahalik eta neurri handienean; nodo bakoitzak beste nodoetarako ekoizten du, ahalik eta neurri handienean; nodo bakoitzak bere aurrezkiak sarearen kreditu tresnetan uzten ditu gordailutan. Azken batean, kontua da praktikan jartzea elkarlanaren lankidetza printzipioa.Gizarte kapitalistan merkatu sozialak eraikitzea izan daiteke, kapitalismo ondoko ekonomia eraikitzeko orduan, Erdi Aroan errepublika italiarrak edo flandestarrak kapitalismoa sortzeko orduan izan ziren huraxe: ekonomia berriaren enbrioia, bere hiru alderdietan; laborategia, kontzientziatzeko tresna eta subjektu sozial berri baten sortzailea.