Ni, Juan Jose Goikoetxea, Altsasuko Udaleko zinegotzi eta Altsasuko Lanbide Heziketako ikastetxeko udal ordezkari, Altsasuko NaBai-ren azken ekintzen inguruan jardungo naiz. Altsasuko Nabai-k bere karguak erabili ditu gure herriko ikasleria Goierriko (Ordizia, Gipuzkoa) eskola profesional pribatura joan dadin bultzatzeko. Horren harira, ondorengoa adierazi nahi dut: 1. Udal alderdi guztiek (NaBai-k salbu) Altsasuko Lanbide Heziketako ikastetxea babestu zuten bilkuraren ondoren, zilegi ikusten dut nire burua ikastetxeko eskola kontseiluan udal ordezkari gisa parte-hartzeko.2. Altsasuko Lanbide Heziketako ikastetxean sortzen den ekimen oro babestuko dut, horrela eskainitako hezkuntzaren hobekuntza bultzatzeko.3. MIKEL DONEA LHI II ezinbesteko ikastetxetzat jotzen dut eskualdearentzat, eta hori dela eta, instituzioen zein eragile ekonomiko eta sozial guztien babesa izan beharko luke.4. Ikastetxeko zuzendaritza taldearen lana eta jarrera eredugarria izaten ari da; izan ere, ikastetxea bere aldekotasun eta konpromiso osoa erakusten ari da Sakanan egun dauden lan-integrazio eta formazio beharrei erantzuteko. Era berean, instituzio eta eragile sozialekin batera elkarlanean aritzeko nahia erakutsi du, eskualderako garapen proiektuetan parte-hartzeko helburuarekin.5. Interesa duen oro gonbidatu nahiko nuke, Mikel Donea LH ikastetxeko instalazioak bisita ditzan. Ikastetxeak egiten duen lana eta eskaintzen duen hezkuntza lehen eskutik ezagutzeko aukera emango dio horrek edozeini.6. Azkenik, martxoaren 4an ospatutako eskola kontseiluan adierazi nuen moduan, eta martxoaren 6ko osoko-bilkuran betetzen saiatu nintzen moduan (eta uste dut bete bete nuela), nire prestutasun guztia erakutsi nahi dut Altsasuko Udalera eramateko eskola kontseiluan sortzen diren eztabaida, eskaera, mozio edota kontseiluak eskatzen dizkidan bestelako eskakizunak eta beharrezkotzat jotzen direnak.