Orain jendea hainbeste urduritzen duen gai bat dakart paper zuri honetara: Ez dut inor ezagutzen proba bat pasatu behar duenean urduri jartzen ez denik.Batzuentzat azterketa bat gainditzea (EGA, gida-baimena, institutuko azterketak, oposaketak...) erronka ikaragarria da, eta batzuetan etengabekoa, lana hartzeko entrebistak egin behar ditugunean, esaterako.Hasieran uste dugu ezinegon hori lehenengo aldietako egonezina izango dela, eta esperientziak edo gure barneko indarrak desagerraraziko duela. Usteak erdia ustel.Azterketa egunean gela handi batera sartzen gaituzte, arkumeak bagina bezala, eseri ilaretan dauden mahaietariko batean; hainbat kasutan, NANa atera eta mahai gainean utzi, eta zain gaude nerbioak airean, aztertzaileren bat probak eskuan datorrela guregana iritsi arte. Bete beharreko argibideak ematen dituzte, isiltzerakoan gure bihotzaren taupadak entzungo direla iruditzen zaigu. Eskuetako izerdi hotza, kakalarria... "Nola aterako ote naiz ataka honetatik?"Okerragoa da ahozko proba bat egin behar dugunean: gure urduritasuna ezkutatu nahian gabiltza eta aurpegiko gorritasunak traizionatzen gaitu; edota hitz egiten hasten garenean, ahoa lehortuta sentitu eta hitz-totelka hasi."Hurrengoan tila hartuko dut" lasai egoteko eta geure jakinduria eta gaitasuna erakusteko. Baina galderak burura datozkigu: Ditxosozko azterketa hori ez ote naiz izango sekulan lasai egiteko gauza?Jendaurrean hitz egiteari beldur diogu. Zergatik urduritasun hori?Nire ustez, gure urteetako ikas-prozesuan gutxitan irakasten digute jendaurrean hitz egiten, azalpen bat ematen edo proba serio bat pasatzen. Eta hau gaztetxoak garenean ikasi beharrekoa da, bestela, gorriak ikusten ditugu.