Ederki asko esan daiteke feminismoan gai errepikariak daudela. Agertu eta berriro agertzen dira, eta badirudi ez diegula sekula behin betiko aurre egiten, beti bueltatzen baitira. Baina ez da hala. Egoerak eta baldintzak aldatzen dira, mugimendu feminista aldatzen da eta konponduta eta itxita zeudela pentsatzen genituen gaiak azaleratzen dira. Badira eztabaida zahar haietan egon ez ziren parte-hartzaile berriak eta, haize berriekin gauza bera proposatzen dute, baina era ezberdinean. Euskal mugimendu feministan kezka handia dago jasaten den bazterketagatik, politikaz hitz egiterakoan, berdintasun plan "handietan" pentsatzerakoan edo emakumeei eragiten dieten lege edo neurri berriei aurre egiterakoan. Hau da, berdintasun eta genero politikak mugimendu feminista alde batera utziz egiten ari dira. Komunikabideetan eztabaida handiak ikusten baditugu, gero eta gehiago politikoengana edo gaian "adituak" direnengana jotzen da. Hala, haurdunaldi etenak egiten dituzten klinika pribatuen inguruko azken gertakarien kontura, mugimenduko kideren batek komunikabideetan tokia egitea ia miraria izan da. Emakumeen kontrako erasoak aipatzerakoan iritzia ematen dute, hasi forentsea eta familia bitartekaritzan adituekin eta, bukatu, biktimaren mota guztiko senide eta auzokideekin. Gutxitan ikusten da mugimendu feministako emakumerik, are gutxiago aldean titulu akademiko dotorerik ez badu. Hedabideetan feministen adierazpenek izaten duten manipulazioa nahita egindako bazterketa da. Eta bazterketa horrek zama handia eragiten dio eguneroko borroka feministari. Erkidegoetako eta udaletako parte hartze aire berriek haiekin batera mila eta bat kontseiluren sorrera ekarri dute. Ez da argi ikusten haietan parte hartu beharra edo ez, eta batez ere, nola eta zertarako. Parte hartze burokratiko nahikoa orokortuaren eta erabateko bazterketaren artean, mugimenduak ez daki ongi non kokatu edo zertara jo bere protagonismo politikoa eta erakundeen aurrean solaskide kontsiderazioa "berreskuratzeko", inoiz izan zuelako. Azken finean, nola eragin instituzionalizatutako mundu politikoan eta ez, ordea, instituzionalean.