TXAPAN GORA (TXAPAN BEHERA)

Raf Atxuri 2009ko api. 9a, 00:00

Martxoaren 29a egun seinalea izan zen eta ni Indurain Tourrean bezala hantxe izan nintzen Atanon, beste bost kiderekin batera. Jende askok lanak izan zituen Atanon izateko, guk ez, ordea. Gu hautatuak izan ginen lehengotik, eta ez edonork hautatuak, ez  horixe. Aimarrek, Oierrek, Juanek eta Fernandok aukeratu gintuzten. Ni Aimarrek bereizi ninduen, kutxapean sartu poliki-poliki eta horrela ibili gintuzten finala iritsi arte.  Bitartean zer esan franko eman genuen  prentsan eta irratietan, baita Tolosako Cantábrico tabernan ere.Gainerako kiroletan baloiak eta pilotak inoiz ez dira ika-mikagai, frontoietan, berriz, geroni gara hizpide nagusi maiz eta martxoaren 29ko horretan are gehiago. Azken beltzean gu kautxo puska bat besterik ez gara, hariz eta larruz bilduak, halako sator gizendu eta gogortu xuri bat eta hala ere nahi gabeko protagonista frankotan.Partida aurrera joan ahala gutaz ahaztu ziren jokoaren ederrari eta markagailuaren nondik-norakoari loturik. Ederki jotzen gintuzten bai Fernandok, bai Oierrek. Aimarrek zein Juanek. Ederki ibiltzen gintuzten airean eta txoko ondo-ondotik.Ederki botiboleaz eta  gantxoz. Airez eta botean,  besagainez eta ñakoz.Partida bere azkenera ailegatzen ari zen, hogeita bana, eta ni goxo nengoen kutxan etzanik. Aimarrek atxiki  eta airean paratu ninduen. Piper eta gatza gutxiko zartakoak jo zizkidaten orduan, guztia galtzeko beldurrez edo. Denen aurpegietan beldurra eta tentsioa zegoen. Fernandoren txanda zen... Zartako seguru eta harrotua espero nuen baina metro eta erditik  gora ez nuen egin eta ziztuan atera nintzen Fernadoren eskutik, halako ezuste  kutsu bat ere sumatu nuen  bidean. Bizi-bizi nindoan, denak niri begira eta ni txapari begira, haruntz bainindoan hain bizkor...Frontisa iritsi baino metro erdi lehenago ere ez nekien non joko nuen... Txapa gainean, txapan... Txapa gainean, txapan... Txapa gainean...