Apirilean bete dira 20 urte euskal preso politikoen sakabanaketa, dispertsioa, era masiboan aplikatu zutela. Presoen Kolektiboa suntsitzea zuen helburu, baita senide eta lagunei zigor gehigarri bat ezartzea ere. Batez ere bakartze soziala errazteko teknika da sakabanaketa: bere inguru afektibo eta familiarrarengandik urrundu. Kolektiboa sakabanatu, taldeka banatu, taldea bakartu: hori da dispertsioaren aurpegi ezkutu baina arriskutsuena. Taldeetan banatzen dituzte kartzelan bertan, eta talde bakoitza azpitaldeetan, behin eta berriro azpitaldeok deseginez aldaketen bidez. Identitate kolektiboarekiko lotura hautsi, arazoei indibidualki erantzun behar izatera behartu, errazagoa baita pertsona indibidualki suntsitzea taldekidea baino. Giza borondatearen eta identitate politikoaren suntsipena lortzeko programa bat besterik ez da espetxe urruntzea eta bakartzea. Mendekuak, gorrotoak eta ezinak eraginda gehienetan.Ez dute kolektiboa desegitea lortu, baina arrasto latza utzi digu dispertsioak: 21 hildako, -Pello etxarriarra bat-, urruntasuna, bakardadea, indefentsioa, hildakoak, aldaketetan jipoiak, bidaiak, istripuak, odoluste ekonomikoa, ... eta abar latz luzea da ondorioa. Beldurgarriak dira zifrak. Aipatzekoak dira 62 ekintza nazional jendetsuak, kontaezinak mota guztietako ekimenak herrietan, Sakanan bertan ere. Ezer ez da alferrik, denak du bere eragina, baina egin dena ez da nahikoa izan, dispertsioak bere horretan dirau gure eguneroko bizitza markatzen. Baina guzti horrek ez du gure presoekiko sentiberatasuna ahuldu. Herriz herri presoen alde erromes ibili da Euskal Herri osoan senide talde zabal bat lau furgonetatan. Hitz eman diegu ez dugula huts egingo, hor egonen garela presoaren eskubideak aldarrikatu edo eskubide urraketa bat salatu behar den bakoitzean.