Espainiako Fomento Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak publiko egin dute hilabete honen bukaeran sinatuko dutela abiadura handiko trena Nafarroan eraiki ahal izateko hitzarmenaren konpromisoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako "Y grekoa" bezala ezagutzen den Abiadura Handiko Trenaren proiektua Sakanatik lotu nahi da "Corredor Navarro" gisa ezagutzen den Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren egitasmoarekin.Inolako zalantzarik gabe, inoiz Euskal Herri osoan egin den azpiegitura erraldoienaz ari gara hizketan.Ia Sakana osoa zeharkatuko lukeen proiektuaz ari gara, horrek izango lituzkeen ondorio ekologiko, ekonomiko eta sozial guztiekin.Bestalde, egitasmoaz informatzeko ezer gutxi egin da. Instituzioek propaganda hutsezko kanpainak antolatu dituzte. Ez hori bakarrik, aldi berean, AHTren aurka dauden eragile sozialei, sindikalei eta politikoei ukatu egin zaie proiektu honen inguruko eztabaida zabala eta gardena egitea komunikabide publikoetan.Gure etorkizuna errotik baldintzatuko duen proiektu erraldoi eta txikitzaile hau ez dago herritarron beharrei erantzuteko planteatuta, goi mailako interes ekonomikoen mesedetara baizik.Honen aurrean herritarrok, sakandarrok, badugu zer esana: eskubidea dugu gure ahotsa eta iritzia plazaratu eta errespetatua izateko, gure etorkizunaz ari garelako.Inposizioaren aurrean defendatu dezagun gure eskubideak, antolatu ditzagun herritarron nahia eta borondatea errespetatzeko tresnak eta ekimenak. Mobiliza gaitezen, sakandarron ahotsa entzun dadin.Ildo horretatik, datorren larunbatean, apirilaren 25ean, "Sakandarrek badugu zeresana. AHTrik ez!" lemapean AHT Gelditu Elkarlanak Arbizun deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu Sakanako ezker abertzaleak.Larunbatean, apirilaren 25ean, denok Arbizura!!