Ongi jatea hauxe da: gutako bakoitzaren osasun, adin, sexu eta bizimodura egokituko diren elikagaiez osatutako jakiak jatea. Adinean gora goazen heinean, gure elikatze beharrak aldatzen doaz. Lehenengo 7 urteak gure bizitzako garrantzitsuenak dira; beraz ahal den modurik osasungarri eta orekatuenean elikatu beharra dago, armoniaz hazi eta garatzeko. Gaur egun, hedabideetako iragarkietan produktu prozesatuak azaltzen zaizkigu; baina horiek ez dute benetan elikatzen eta ez diote gorputzari behar duena ematen. Jaki horiek soilik zentzumenen mailan egiten dute lan; kolesterol maila altua dute, baita koipe saturatuak, azukre azkarrak eta estimulagarriak ere, eta maila guztietan muturreko erreakzioak sortarazten dituzte.Gure arbasoen bizimodua oso ezberdina zen gurearekin konparatuz. Azken 200 urte hauetan, produktu prozesatuen bidez, gure bizitza eta elikadura urrunduz joan da lehengotik. Gure gorputzak hori badaki eta nabaritu egiten du.Gure haurrengan sortarazi nahi dugun edozein ohitura lehenik guk bete beharko dugu. Ez dauka zentzurik besteak bultzatzea guk egiten ez dugun zerbait egitera. • Egunero jaki freskoak prestatu ditzagun, barazki ekologiko ugariz, bertakoak eta garaikoak. Etxeko sukaldaritzarako itzulera. • Haurrentzako sukaldaritzak sinplea izan behar du, nahasketa eta ondar gabekoa, baina askotarikoa. • Haurrak dieta konbentzional bat izan badu urteetan, oso geldi aldatuko ditugu ohiturak, pazientziaz. Bereziki nerabeekin izango dugu hori kontuan. • Haurrak muturreko elikagaiak hartzen baditu (hestebeteak eta koipe saturatuak, barazki faltarekin) muturreko gozoetara joko du (azukreak, izozkiak, pastelak, edari gaseoso azukredunak, txokolatea, etab.). Horrek jokabidean erabateko aldaketak dakartza, baita animoan eta osasunean ere. • Beharrezkoa da gogoratzea sukaldeko osagairik garrantzitsuena maitasuna dela. Umore txarrean bagaude, nekatuta, haserre, pentsa dezakegu horrek zer ondorio izango duen platerean. Gure familiak horrela jan dezala nahi al dugu?