Urteetan, edo mendeetan galduta egon diren festak berreskuratzea ez da erraza. Festa beraren eguna heldu arte lan makala egin behar izaten da: dokumentatu, ohitura garaira egokitzeko ideiak bota, jendearekin konpartitu, adituei kontsulta egin, festaren antolaketarako jendea bilatu...lan polita da, ilusio handia sortzen duena, baina lana da azken finean.Ziordiko kasuan, Santa Luzia festa eta maiatza berreskuratu izan dira azken hamarkadan. Festa horiek berreskuratzeko motorea Udala izan zen, eta festaren protagonista nagusia eta bakarra herria, herri osoa. Ziorditik kanpoko laguntzaile asko ere izan genituen, aipagarrienak Jose Maria Satrustegi antropologo ezaguna eta Bakaikutik eta Iturmenditik etorritako lagunak. Guztiei esker berreskuratu ziren festa herrikoiak.Gaur egun, urte gutxi beranduago, Santa Luzia festa utzikeriaz desagertzeko zorian dago eta maiatza festa, momentuz bertan behera gelditu da. Maiatza ez da egiten, "arriskutsuegia" delako, Udalaren asegurua eraikin publikoetarako bakarrik omen delako.Ekainean bi urte beteko ditu Ziordiko Udalak herria kudeatzen. Urteetan eraikitako lana bi urtetan desagerrarazi dute. Aurretik egindako lana, ilusioa eta herriaren nahia ez omen dira ezer. Jarrera honekin gaur egungo Ziordiko Udalak argi erakutsi du herriaren aurrean, zein den gure arbasoen ohitura zaharrei dien errespetua. Batzuetan, gure herrian, Euskal Herrian, ohiturak arriskutsuak dira. Maiatza arriskutsua da, noski. Baina, harriak eskuz jasotzea edota aizkora batekin enbor pila bat moztea ez al da arriskutsua? Zer esanik ez, entzierroa edo San Juan Suaren gainean salto egitea. Baina horrelakoa da gure herria. Arriskua, bizia, mugimendua...euskal ohituren sustraietan daude, eta gure herriaren nortasuna islatzen dute. Udal honen eskuetan ezin ditugu ohitura zaharrak utzi, beraien esku ezin dugu gure herriaren biziraupena utzi, herria bera desagerraraztea lortuko baitute guk utziz gero.Horregatik, herri mugimenduari deia luzatu nahi diogu. Gazteek, euskara eta kulturaren alde lanean urteak daraman jendeak, jende guzti horrek hartu behar du lekukoa. Eta 2010ean, aurretik egindako lanari segida eman behar diogu guztion artean. Berreskuratutako ohitura zaharrak mantendu, berreskuratu gabe ditugunak berreskuratzen hasi eta nola ez, maiatza gure herriko plazan jarri.