Goñiko Toedosio kateari lotuta, Aralar mendian zehar. Dragoia agertu zaio, "San Migel, San Migel" hots egiten hasi da. San Migel bai agertu ere eta dragoia hil, Teodosioren kateak apurtu dira gero... Dragoia lezean dago betirako eta Teodosio aske. Kondaira polita. 2000 ta piko urtean gaudela... gizartea garapenari lotuta dago... tren baten itxura hartzen duen dragoia etorri behar delako beldurrez... eta San Migel falta. Abiadura Handiko Trenak izango dituen kalteak mota ezberdinetakoak izango direla azaldu digute dagoeneko: ekonomikoak, sozialak, ingurumenean... Kalte hauek handiak izango dira, atzera itzuli ezinezkoak (...) Ingurumenari dagokionez, jakin beharrekoa da leku batean sor daitezkeen kalteak handiagoak direla leku horrek balore handiak dituenean. Honi buruz badago zer esan Aralarren kasuan. Aralar. Natur parkea modura izendatzeko proposatu zen 9/1996 Nafarroako Foru Legean. Prozesua bertan behera geratu zen. (...) Natur Parkeak horrela deskribatzen ziren: "gizakiaren ustiapen edo bizitokien eragin txikia jaso duten eremu naturalak dira, haien paisaiaren edertasuna, ekosistemen garrantzia edo floraren, faunaren eta eraketa geomorfologikoaen berezitasuna direla kausa, ekologia, estetika, hezkuntza eta zientzia arloetan lehentasunez kontserbatu behar diren baloreak dituztenak". Aralar mendizerra Europa mailako Natura 2000 babesguneen sarearen barne dago. (...) Europa mailan kontserbaziorako garrantzitsuak diren eta mehatxatuak dauden espezieak eta habitatak gordetzen dituzte. (...) Zaila da Aralar mendizerraren paisaiaren edertasuna hitz gutxitan azaltzea (...)Aralarko akuiferoaren garrantziaz ohartzeko nabarmendu daiteke 208 km2-ko azalera duela eta, bakarrik Nafarroako aldekoa kontuan hartuz, 123 Hm3/urteko ur baliabideak dituela (...)Aralar mendizerra oso anitza da floraren aldetik. Gainera bere baitan hainbat espezie interesgarri azaltzen dira, babestuak dauden hainbat barne (...) Mendizerran animalia espezie asko bizi da. Horien artean (...) batzuk oso urriak dira (...) adibidez ugatza eta okil ertaina. (...)Konektibitatea eta korredoreak: ez ahaztekoa. Aralarrek naturaren aldetik garrantzi handia badu, Urbasa-Andia mendizerra ez da atzean geratzen. Biek dituzten balore naturalak mantentzeko ez da nahikoa eremu bakoitza babestea, aldiz, beharrezkoak dira loturak, konektibitatea, korredoreak ahal den hobekien egotea. Dagoeneko Sakanan badaude hainbat elementu konetibitatea zailtzen ari direnak, oreka oso ahula da, hauskorra.