Maiatzaren 31 arte Deustuko zubi ondoko Guggenheim museoan Takashi Murakami ( ez nahastu Kafka urertzean liburuaren Haruki Murakami idazlearekin) artistaren © Murakami izeneko erakusketa ikusgai dago bisitarien begien gozagarri. Baita burmuinen astingarri.Pinturak, irudi eskultorikoak, animazio lanak igarotzen dira etengabe gure begien aurretik.Mundu iradokigarri eta surrealista aldi berean. Takashik Tokioko etaBrooklingo lantegietatik pop ekoizpenak saldoka merkaturatzen ditu: sakelako telefonoak, kamisetak, afixak, txikleak etab. Poku deritzan tankera eratu du. Poku hitza pop eta otaku hitzen batuketa berezia da, hau da, Estatu Batuetako eta Japoniako bi kontzeptu kulturalen bat egite bitxia.Txin txinaren, diruaren hotsa ere garrantzitsua da Takashirendako, ez alferrik baldintza estuak paratu ditu bere obren argazkiak eta erreprodukzioak egiterakoan.Ikuspegi merkantilistaren adierazpen hau bitxi samarra suerta liteke Europan. Hemen sosen lehentasuna zernahiren gainetik egon arren justifikazio transzendentalago bat bilatzen diogu arteari: edertasun hutsaren agerpena, sentimenduen adierazpena, konpromisoa, profezia... Takashi ez da lotsatzen diruaren garrantzia aldarrikatzean eta merchandising ikaragarria garatu du bere puskekin.Ongi dakigunez Sakana hitza japoniar petoa da eta ez legoke gaizki hemengo irudi undergroundekin merchandising xume bat osatzea, Sakanata edo Sakusan izeneko sorta paregabea. Orain Morkotsi ematen diot txanda: noizko hozkailuan itsasteko edo autoen atzeko aldean jartzeko Teodosio Goñiko maitea edo Putregainera joandako Obama apal eta penitente hura, edo ...zergatik ez, Corpas helikopterozale gogoangarri eta Maoren antzeko hura?