A zer nolako mundua ari garen eraikitzen! Adibide gisa, kirol arloari helduko diot. Esate baterako Nadal, benetako kirol gizona, 23 urte bete gabe oraindik; ez dago bera bezalakorik tenis munduan eta horren ondorioa, argi eta garbi ikusten dugu: 30 miloi euro baino gehiago irabaziko du aurten. Futbol munduan ere badaude horrelakoak.Baina pentsatzen jarri nauen errealitatea, beste bat da. Ez dakit zenbat miloi gastatu duten Athleticzaleek Erregeren Koparen bila joateko. Erregerena? Baina ez al gara Euskal Herrikoak? Eta Espainiako Erregeren Koparen atzetik joan dira? Nork ulertzen du hori?Pentsatzen hasita, sarreren salneurriak, bidaiak, hotelak; janari eta edariak Valentzian eta Bilbon, Athletic txalotzeko Bilbon muntatu dena... Nora goaz horrela?Konturatzen al gara krisialdi gogor batean murgildurik gaudela? Estatu mailan lau milioi pertsona baino gehiago langabezi gogorrean bizi direla eta leku askotan langabezian ez erortzeko benetako mirariak egiten ari direla?Edo hau jakinagatik ere, horrelako gauzak egiten ari dira? Panem et circenses, ogia eta jaia. Ez gara hainbeste aldatu 2000 eta piku urtetan.Bai, horrek nolakoak garen argi eta garbi erakusten digu. 40.000 pertsonak bere lanaldia alde batera utzi eta, gutxi gora behera, pertsonako 300 euroko gastua egin du, 12 milioi euroko -2.000 milioi pezetako- gastua dagokie Athleticzaleei. Argi eta garbi esan behar dut hori ez dudala batere gustuko.Gure lurrak badu denontzat lekua; hobe esanda, izango luke, denon betebeharrak asetzeko erabiliko bagenu; baina ez da horretarako erabiltzen, boterearen beharrak betetzeko baizik, eta boterea ez dago herriaren eskuetan, jauntxoen eskuetan baizik.