100 €. Erraz esaten da! Zenbat lan, zenbat izerdi hori irabazteko, gero ordubetean hegan egiteko!Pentsatzen eta sentitzen dudana adierazteko tarte hau aprobetxatuz, barnean dudan korapiloa askatuko dut, bakarrik kasketa hartzea izango da, baina! Orain dela gutxi mediku espezialista batengana joan nintzen, eta ez dakit neramana sendatu zidan ala ez, baina hiru ezusteko galanta eman zizkidala, bai, hori bai dakidala, kontua eskatu nionean...Lehenengoa: esan zidanean 100 € zela bisita. Nirekin 50 minutu eskas izateagatik 100 €! "Erraz irabazten du honek dirua!" pentsatu nuen, eta orduan...Bigarrena. Erreziboa eskatu nion unean, hara non esaten didan erreziboa emanez gero BEZa kobratu behar zidala, beraz, 116 € . Ai ene! Nik ere neure sosak zaintzen ditut, denok baitakigu zaindu ezean hegan egiten dutela, azkar gainera! Horregatik erreziborik gabe egiteko eskatu nion, eta orduan...Hirugarrena: Kreditu txartela atera nion kobra zezan eta hara non esaten didan esku-diruaz ordaindu behar nuela, txartela pasatzeko makinarik ez zeukalako! Kalera irten, kutxazain automatikoa bilatu, dirua atera, bueltatu eta ordaindu! Ai ene! Bizitza honetan zenbat itzuli eman behar dugun! Aizu, ni amorratuta! Okerrena izan zen lagunei kontatu nienean gertatutakoa, adibideak baitzetozkidan perretxikoak apirilean bezala: lagun bat podologoarengana joan eta 50 € ordaindu, beste bat psikologoarengana joan eta 90 € ordaindu, beste bat fisioterapeutarengana eta 50 €/saioa, beste bat abokatuarengana eta 60 €... zerrenda bukaezina litzateke. Eta ez izan zalantzarik, irakurle, denek, nik bezala, belarriak makurtu eta ongi pagatu.Hori guztia diru beltza da! Hausnarketagai bihurtu da niretzat. BEZik gabe ez dute deklaratzen foru-ogasunera, eta banku txartelik gabe ere ez dute deus deklaratzen. Nekagarria da niretzat pentsatzen ibiltzea batzuek zeinen erraz irabazten duten dirua eta komunikabideetan entzutea langabeziak gora egin duela, baita pobreziak ere. Ogasuna (Hazienda) eta sindikatuak ez dira sartzen mundu horrekin. Nik uste gehiago kontrolatu beharko luketela, bakarrik nomina bat daukagunok baikara kontrolatuak garenak. Hemen eskularru zuri asko dago. Adelaida Kintanaakinlo@euskalerria.org