Bada egunotan presoen aurkako erasoan pauso nabarmen oldakorragoak gertatzen ari direla iritzia bermatzen duen daturik. Ezin urrutirago eraman zituzten presoak, kartzelan bertan erabat isolatu modulu eta ziegetan: orain presoen argazkiak kaletik desagerrarazi ahaleginean ari dira, inolako epailearen agindurik gabe gauez agertu da polizia presoen familiartekoen balkoietan zeuden argazkiak kentzera, berdin egin dute hainbat kontzentraziotan; alkate bat epaitu dute -fiskalak 7 urteko kartzela eskatu du- herriko bi atxilotuei "maite zaituztegu" esateagatik tortura salaketa-kontzentrazio batean. Eta hainbat eraso gehiago. Kaleko presoen edozein oihartzun ezabatu nahi dute: arazoa isilaraziz, auzia konpondu egingo dela uste dute nonbait. Larria izanik hau dena, susmo larriagoak sortarazten dituzten urrats kualitatiboak izan dira berriki: dianak agertu dira Nafarroako zenbait herritan elkarte eta pertsona zehatzak zuzenki heriotzaz mehatxatuz, aldi berean, Jon Anza Lapurdin bizi den errefuxiatua desagertuta dago azken hilabete honetan: bahiketa politiko baten taxu nabarmena du. Garai bateko gerra zikina martxan jarri dutela susmoa pizten digu guzti honek, aurrekoak utzi zigun hildako eta desagertutako zerrenda luzea gogoraraziz. Bortizkeria erabiliz besteen indarkeriarekin bukatuko dutela errepikatzen digute bortizkeriaren aurka daudela diotenek, data ere jarri dute. Guk badakigu guzti honek zer sufrimendu, zer samin ekarriko digun. Inpunitate eremuak desagertuko omen dira. Noren inpunitatearenak baina, nortzuen eremuak?. Inpunitate osoz erasotzen baikaituzte gu eta gure senide presoak. Maite ditugu senide eta lagun presoak, ozen aldarrikatu nahi dugu gure beraiekiko maitasun hori, eta hala jarraituko dugu gure baliabide eta ahalegin guztiekin, gure babesa izanen dute. Gerra zikinarekin kolpatzen bagaituzte ere.