Azkenaldi honetan, ziurrenik krisiak eragiten duen ezinegona eta larritasunak bultzaturik, prentsan behin baino gehiagotan azaldu da.Oinarrizko Errentaren inguruko informazioren bat. Idatzi honen bitartez zehatzago eman nahi dugu laguntza honen berri.Oinarrizko errenta, beste batzuen artean, Gizarte Zerbitzu Orokorren zorroaren barne dago. Honek bermatua eta ez bermatuan sailkatzen ditu prestazioak.Laguntza hau, prestazio ekonomiko bermatua da, beraz, dagokionari eman beharrekoa. Udaletako Oinarrizko Gizarte zerbitzuetatik bideratzen da eskaera Nafar Gobernura.Xedea: Familia unitatearen diru-sarreren osagarri eta sorosgarria den diru-laguntza, diru baliabiderik ez duten familien oinarrizko beharrak ase eta bazterketan dauden pertsonak gizarteratzea sustatzeko. Aldizka jaso beharreko diru-laguntza da hau.Jasotzeko baldintzak:- Onuradunak 25etik 65 urtera bitarteko pertsonak izatea.- Gizarteratze eta laneratze proiektu batean sartuta egotea, hau gizarte zerbitzuko teknikariek egindako balorazio lan baten atzetik doa.- Laguntza eskatu aurreko urteetan Nafarroan egiazki eta jarraian bizi izan dela frogatzea.- Edozein administraziotan eta Gizarte Segurantzan dagozkion pentsioak edo sorospenak, eskatu izana aldez aurretik.- Prestaziorako ezarritakoak baino diru sarrera txikiagoak izatea.Zenbatekoaren muga lanbidearteko gutxieneko soldataren arabera (aurten hileroko 624€koa) eta familia kideen kopuruarekin erlazionatzen da. Hori bai, eskaera egin aurreko seihilabeteko diru sarrerak kontutan hartzen dira beti, ez ordea inongo gasturik (alokairuak, zorrak...) eta baremo zehatz baten baldintzapean ebazten dira.Laguntzaren zenbatekoak 13/2008 foru legeak biltzen ditu, pertsona bakarreko bati gehienez 561,60€ dagozkio hilean eta sei pertsonak edo gehiagok osatzen duten familiei 936€ hilean. Prestazio honen nondik norakoak edo zehaztasun gehiago jakin nahi izanez gero bailarako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetara jo daiteke.