Azken aldian, BIERRIK fundazioan zenbakiz gainezka ari gara lanean. Askotan zenbakiak aspergarriak izaten badira ere, gaur-gaurkoz, ez daukagu zenbakien dantzan mugitu beste erremediorik. Urteko aurrekontuak, autofinantzaketa, kuotak, maileguak, irakurle kopurua, diru-laguntza publikoak...Zaku hauetako batzuek gero eta gehiago pisatzen dute (aurrekontuak, maileguak...); beste batzuk, berriz, gero eta hutsago daude (kuotak, diru-laguntza publikoak...). Zenbakiak gora zenbakiak behera, ez da gure asmoa zuek erotzea, baina zenbaki horiek zailtasun handiak sortzen dituzte BIERRIK fundazioak Sakanan komunikabideak sortu, bultzatu eta mantentzeko helburu nagusia betetzeko. Oraingoan, izenburuan aipatutako bi zenbaki horien inguruko azalpenak besterik ez ditugu emango:15.000: horixe da joan den hilean GUAIXEk izan duen irakurle kopurua, CIES enpresak 2009an egindako azterketaren arabera. Datua GUAIXEK sakandarren artean duen harrera eta egonkortasunaren adierazle da, zalantzarik gabe. Pozik eta harro begiratzen diogu zenbaki horri, Sakanan euskararen erabilerari egiten dion ekarpenagatik.17.003: GUAIXE astekaria eta BELEIXE irratia laguntzeko Nafarroako Aurrezki Kutxaren "zeuk aukeratzen duzu, zeuk erabakitzen duzu" egitasmoan, GUAIXE astekaria eta BELEIXE irratia laguntzeko aukeratu behar duzun zenbakia da 17.003.Bi zenbaki horiek ziurrak dira. Badaude, ordea, urtetik urtera behera egin eta aldatuz doazen beste batzuk, diru-laguntza publikoak esaterako. GUAIXEri eta BELEIXEri lagundu nahi badiezu, badaude beste batzuk. Nola? GUAIXE eta BELEIXE komunikabideak sustatzen dituen BIERRIK fundazioaren laguntzaile eginez; GUAIXE- eta BELEIXE-lagun egin eta zuzeneko ekarpena eginez, edota.... zerorrek aukeratzen duzun beste edozein modutan ekonomikoki babestuz. Sakanan euskarazko komunikabideak sortu eta aurrera egiteko ezinbestekoa izan da norbanakoen, bazkideen eta makina bat entitateren ekarpena baina, orain bereziki, estualdi honi aurre egiteko behar-beharrezkoa izango da guztion laguntza. Mila esker zureagatik.