Bitxia da freak hitzak Europan barrena egin duen ibilbidea azken hamabost urte honetan. Ingalaterran XIX. mendearen amaieran freak zeritzanak zirku erakustaldietako pertsona deformeak ziren, itxura makurreko gizakiak, emakume bizardunak, gizon konkordunak etab.Gure tenoreko posmodernitatean,ordea, izugarri zabaldu da freak hitzaren erabilera halako moldez non ez dakigun zehazki nor den frikia. Izan ere, bitxi, xelebre, berezi edo arraro izatearekin lotu eta katramilatzen dugu frikitasuna. Badira jarduera zenbait ofizialki edo frikiari atxikiak: rolzale izatea, Tolkienen Eraztunen Jaunaren sagak behin eta berriz irakurri eta ikustea, Star Warszale amorratua izatea, manga eta animearen miresle itsua izatea... Besterik ere bada: neurrigabeko informatikazaleak, Eurovision saioak gustuko dituztenak ( barrua behar da), aspaldiko telesailen jarraitzaileak, flan-irensleak...Garai batean eskalatzaileen artean ere entzuten zen ditxosozko hitza. Gero telebistak eman dio zabalpena eta ondorioz, haurrek hauxe bota dezakete: „Nik handitan frikia izan nahi dut" nonbait haginlari, arkitekto edota futbolari ametsak bazter utziaz.Alabaina azkenaldi honetan gaztexoen artean ñabardurarik hartu du hitzak, eta ez oso ona. Frikia izango litzateke modatik kanpo dagoena, baztertu beharrekoa, interes fitsik pizten omen ez duen gaztetxo erraria. Kontuz frikia zarela esaten badizute ikastetxean.Bada, jakin dugunez badute euren eguna: Harrotasun frikiaren eguna. Oker ez banago batez ere Madrilen eta sarean ospatzen da maiatzaren 25ean eta surrealistek bezala manifestua taxutua dute. Besteak beste film estreinaldietan, sarrerak telerosketan eskuratu ordez ilara egin beharra aldarrikatzen da.