Zatoz Hatortxura! Badaude arrazoiak!

Mikel Mundiñano "Zato" 2009ko eka. 12a, 00:00

Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko... Aspaldidanik entzun izan dugun esaldia. Hitz gutxitan asko esaten duen esaldia. Izan ere, badakigu zein garrantzitsua den herri batek aurrera egin dezan oihu, kantu, irrintziz bidea egitea.Eta halaxe eginen dugu ekainaren 19, 20 eta 21ean Sakanako Lakuntzan. Elkartasun oihu, kantu, irrintzi bat baino harago, olatu bihurtuko dugu Hatortxu... Elkartasun olatu.Azken hamar urteetan etenik izan ez duen olatua, antolakuntza lanetan daudenetatik hasi, muntatze lanetan daudenetatik pasa, tragoak zerbitzatzen dituztenak ahaztu gabe edota taula gainean emanaldia eskaini dugun eta eskainiko dugun musikarion elkartasun olatu. Guztien aldetik emandako "apurrak" sortzen duen elkartasun olatu erraldoi bat, herriak herriari zor dion elkartasun olatua.Zoriontzekoa bai..., eta ospatzekoa ere litzake, ez baleude hainbat arrazoi egoeraren gordintasunaz jabetzeko. Baina, abesten, bidea egiten jarraitu du herri honek eta hemen gaude, bizirik. Horregatik inoiz baino ozenago abestuko du herri honek Hatortxun. Eta entzungo gaituzte Alhaman, Mecon edo eta Puerton... berdin Fleury, La Sante edo eta Nanterren... Harresi, horma eta barrote guztien gainetik entzungo gaituzte eta gurekin batera abestu, oihukatu, dantzatuko dute, helduko da elkartasun taupada erraldoi hori behar den lekura, ziur egon.Badakigu beraz... horrelako ekimen batek behar du tamainako erantzuna eta herriak izan behar du elkartasun olatu horren lekuko. Abestu, dantzatu, oihukatu... aldarrikatu!!"zatoz, zure ondoko hutsunean nagoZatoz, gailurrerantza pausu bat gehiagoTa zu, aizu, indartu egiten nauzuZatoz, horma zahar hori erortzear dago..."Besarkada bat lagunok!!!