Ekainaren 16an bi urte beteko dira Nabaik Etxarriko udaletxearen ardura hartu zuenetik, ezker abertzalea legez kanporatua izan zen hauteskunde batzuen ondoren. Nabaik eta bera osatzen duten alderdiek behin da berriz alderdien legearen aurkako adierazpenak egin dituzte. Baina errealitatean beraiei onurak ekartzen dizkien heinean (pasa den igandeko hauteskundeek argi utzi dute zein puntutaraino mesede egiten dien gure legez kanporatzeak), lege honek sortutako injustiziari aurre egiteko ez dute inongo iniziatibarik hartzeko gogorik erakutsi eta guk aurkeztu dizkiegunei muzin egiten diete.Lehenik, demokrazia ezako egoera hartan udalaren osaketarekin aurrera egitea erabaki zuten. Gero, 182. artikuluaren babesean, herritarren zati handi baten ordezkaria den ezker abertzalea udalean egotea bermatuko zukeen aukeran inongo saiakerarik ez dute egin. Eta jarraian, gure parte-hartzea erraztuko lukeen edozein mugimendu egiteko inolako asmorik ez dute erakutsi.Legealdia hasi zenetik Etxarriko Udalak osoko bilkura guztiak, sistematikoki, ohiz kanpokoak egiten ditu, guk askotan ohikoak egin ditzatela eskatu arren. Osoko bilkurak ohikoak balira, aurrez erabilitako egutegi bat izango lukete, eta horrek gure udaleko lana hobeto antolatzeko aukera emango zigun. Gainera, ohiko osoko bilkuretako gai zerrendan izaten den "besteak" puntuan, ezker abertzalearen galderak, iritziak eta mozioak era normalizatu batean aurkezteko aukera emango zuen eta aktan jasoko ziren gure iritziak (gaur arte guk esandako guzia ez da inoiz aktan jaso).Osoko bilkuretako ordutegiak askotan ezin ezerosoagoak izaten dira, gu agertzeko aukera oso zaila eginez, goizeko zortzietan, hamabietan edo eguerdiko ordu bietan, adibidez. Lanean dagoenari ezinezkoa egiten zaio joatea (guk ezin dugu beraiek bezala lana uzteko baimenik eskatu).Guk sartutako mozioren bat bilkuran ez ikustea erabaki dute noizbait, edo, ikusita beste batzuetan denak abstenitu arren, eta jakinda guk baiezko bozka emango geniola ahal izan ezkero, ez dira onartuak izan.Honelako jokaerak ikusita, NaBaik Alderdien Legearen aurka egon arren nahi dutenean beren probetxurako erabiltzen duela adierazten digu guri. Nonbait badakite azkeneko astean argi geratu den bezala, lege horretan oinarritzen dela beren koalizioak lortu zuen indar asko.